Sekula baino indartsuagoa izan behar dela bozkatzeko deia esan zuen Izagirrek, eta bi ereduren arteko hautaketa egin beharko dela gaineratu: "PNV-PSEk eskaintzen duten eredu zaharkitua, betiko normaltasuna ezarriko duena berriro; eta EH Bilduren eredua, publikotasunaren aldekoa, ingurumenaren zaintza bermatuko duena…".
Eta hiru arrazoi eman zituen EH Bildu hautatzeko: batetik, ezkerretik, feminismotik, ekologiatik, aniztasunetik eta justizia sozialetik eragingo duelako besteak beste; bestetik, Euskal Herriaren independentzia gura duelako euskal herritar libreekin eta presoak etxean direla; eta hirugarrenik, herritarrekin batera gobernatuko duen erakundeak gura dituelako: "10+1 konpromiso hartu ditu Maddalenek eta bete egingo ditu horiek. Herritarrekin lehenetsi behar dira horien beharrak, soluzioak adostu eta ekin". Horregatik, "herritarrei bizkar emanez beharrean, herritarrekin batera ondo kudeatuko duen gobernua" izateko EH Bilduren aldeko botoa eskatu zuen.
Aretxabaletako bozeramaile Ion Albizuk osasun larrialdia zelan bizi izan den herrian azaldu zuen: "Aretxabaletarrek jakin dute erreakzionatzen". EH Bilduk jardun duela laguntzen eta ikasten gaineratu zuen: "Zerbitzu publikoak behar-beharrezkoak direla ikusi dugu, zaintza erdigunean jarrita, gizarte zerbitzuak eta baita ingurumenaren zaintza ere".
Biktimak gogoan
Lore Martinez Axpek biktimak izan zituen gogoan, "alde guztietako biktimak", dispertsioarekin bukatzeko eskatu zuen eta Gari Garcia preso aretxabaletarra etxeratzearen alde agertu zen. Osasun larrialdiak, aurretik zegoen egoera agerian utzi duela aipatu zuen, besteak beste, familia asko pobrezia egoeran, industria ehuna ahuldua, egiturazko erronkei aurre egin ez izana... Horregatik guztiagatik Urkullu-Mendia eredua zaharkitua dela esan zuen eta Maddalen Iriarte 180 graduko buelta ematera datorrela.
Ekitaldia bukatzeko kantuan egin zuten Ixak Sarasua eta Aitor Ruiz de Austri musikari aretxabaletarrek; Lauxetaren olerkian oinarritutako Mendigoizalearena kanta eskaini zieten elkartutakoei.