Bost ikuskizun uztailean, kaleak girotzen segitzeko

Mirari Altube Arrese 2020ko eka. 26a, 13:00

Antzerkiari, dantzari eta zirkuko hainbat diziplinari egingo diete lekua herriko txokoek datozen lau asteetan, Kultura Sailari esker, eta entzute handiko konpainiak etorriko dira; besteak beste, Tio Teronen Semeak, Hika Teatroa eta The Funes Troup.

Kale ikuskizunei egin ohi diete lekua herriko txokoek uztailean, eta aurten ere ez dute hutsik egingo, egoera bestelakoa izan arren; antzerkia, dantza eta zirkua izango dira protagonista nagusiak. Kalean izan arren segurtasun neurriak bete behar direla gogorarazi dute Udaletik; hala, edukiera aulki kopuru jakin batera mugatuko da eta horien artean bi metroko tartea utziko dute. Derrigorrezkoa izango da, gainera, ikusleek maskara jantzita izatea.

Dantzak eta umorea

Eguaztenean, uztailaren 1ean, jarriko da abian programa, Goitibera taldearen Yijaaa!!! ikuskizunarekin. Umorea oinarri dela, eta hainbat tramankulurekin baliatuta, ametsei haizea emango dien antzerkia eskainiko du konpainia bizkaitarrak, Herriko Plazan.

Rojo Telon konpainiako hiru emakumeek zirkuaren bueltako diziplina ezberdinekin osatutako ikuskizuna eskainiko diete herritarrei.

Entzute handia duen Tio Teronen Semeak taldeak, ostera, dantzak umorea eta doinu ezagunak bateratuko ditu uztailaren 10ean egingo duen Festimentua ikuskizunean.

Pailazoak ikusteko sarrerak

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Bizi dantza ikuskizuna eskainiko dute uztailaren 17an, Ibarra kiroldegian. Martxoaren 13rako iragarri zutena da hori; orduan bertan behera utzi behar izan zen osasun larrialdiagatik.

Orduan sarrerak erosi zituztenek gorde egin ditzakete oraingo emanaldirako, edo itzuli eta dirua berreskuratu; Arkupeko sarreratik pasatu beharko dute horretarako, ekainaren 29tik uztailaren 7a bitartean. Udaletik iragarri dute itzultzen direnak berriro salgai jarriko dituztela eta uztailaren 8tik 16ra bitartean erosi ahal izango direla, 5 eurotan, Arkupen bertan.

Ekainekoekin "gustura"

Uztaileko egitarauak 7x7 kultura kalean egitasmoaren lekukoa hartuko du. Ainhoa Cabero zinegotzia pozik agertu da ekaineko emanaldiekin: "Eskerrak eman dizkigute herritarrek. Umeendako antzerkiek harrera ona izan dute, baina bereziki helduendako emanaldiek izan dute arrakasta".

Egitaraua:

Uztailak 1

  • • 19:00 Goitibera taldea: Yijaaa!!! Herriko Plaza.

Uztailak 8

  • • 19:00 Rojo Telon konpainia: Kabaret. Kurtzebarri eskolako kantxa.

Uztailak 10

  • • 20:30 Tio Teronen Semeak taldea: Festamentua. Herriko Plaza.

Uztailak 15

  • • 19:00 Hika Teatroa konpainia: Tonbola. Herriko Plaza.

Uztailak 17

  • • 18:00 Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak: Bizi dantza. Kiroldegia.

Uztailak 22

  • • 19:00 The Funes Troup konpainia: Aukerak. Herriko Plaza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak