Gurutzeak jarriko dituzte atarteetan, San Juan gauean, ohiturari eutsiz

Mirari Altube Arrese 2020ko eka. 23a, 15:13

Ekainaren 23ko gaua ez da ohiko gaua, udako solstizioaren bueltako hainbat tradiziori eusten dietelako herri askotan. Aretxabaletako plazan surik ez da izango aurten baina irak banatuko dituzte atarteetan, eta gurutzeak jarri ere bai.

Ohitura horiei jarraipena ematen zenbait aretxabaletar daude. Lizar adarrekin egiten dituzte gurutzeak eta hainbat lore eta belarrekin apaindu: "Garia jartzen da irin asko izateko etxean, eta oloa, ganaduak jatekoa izan dezan. Horrekin batera irak, sanjuan loreak eta beste hainbat motatako belarrak sartzen ditut. Aurten, gainera, sasoia baino lehen loratu dira asko, eta orain ez dago asko...". Inguruan jasotzen ditu horiek, Areantza aldean, esaterako.

Aurten 25 gurutzetik gora egin dituzte eta bi lagun ibiliko dira horiek jartzen; goizaldean jardungo dute horretan: "Atarte batzuetan neuk jarriko ditut eta beste batzuetan eskura emango diet ugazabei, hainbat dendatan esaterako". Ohitura zaharra izan arren gaur egun ere oso pozik jasotzen dituztela gurutzeak dio: "Eta gehiagok ere gustura jasoko lituzketela esango nuke. Ez dakit fedea duten edo ez, baina eskatu egiten digute tradizioaren izenean. Baina bere lana eta arduratxoa dute gurutze hauek, ez pentsa!".

Irak atarteetan

Bikote horrek irak ere bota ditu, urte askoan, atarte guztietan. "Erretiratu berritan hasi ginen, eta orduan inguruko basoetara joan eta igitaiarekin mozten genituen. Orduan bai lana!". Eta baserritarrekin eztabaidak ere izan ohi zituzten: "Haserreak jasotakoak gara, haserre handiak, eta behin baino gehiagotan, gainera".

Aurten, osasun larrialdia dela-eta, ez egitea erabaki du. Dena den, beste taldetxo batek jardungo du horretan: "Pozten naiz; aurrera egin dezatela horiek! Datorren urtean jarraitzeko gertu gaude, baina zenbat eta gehiago izan hobeto".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak