Asteek aurrera egin ahala, Ibarra kiroldegiak gero eta zerbitzu gehiago ditu abian. Oraingoan, bainu-gunea, hau da, igerilekuak eta spa-gunea zabaldu dituzte, baita fitness aretoa ere, eta txandak antolatu dituzte, pilaketarik egon ez dadin. Astelehenetik aurrera eta uztail osoan, ostera, ordutegi luzeagoa izango du kiroldegiak: astelehenetik egubakoitzera: 08:00-14:00 eta 16:00-21:00; zapatuetan: 10:00-14:00 eta 16:00-20:00.
Igerilekurako txandak
Erabiltzaileak ezin gusturago gerturatu direla igarri dute langileek. "Bereziki, fitness aretoko makinetan jarduteko gogotsu zeuden hainbat lagun", adierazi du Kirol teknikari Asier Mujikak, eta gaineratu: "Makinak han eta hemen banatu ditugu, baina guztiek gura zuten gune berean egon. Horrenbestez, gomendatu diegu txandak adosteko beraien artean".
Egunotako martxarekin gustura agertu da Mujika: "Ez dugu izan inolako arazorik. Beste mugimendu batera ohituta, kiroldegia oso lasai dagoen sentsazioa dugu". Bainu-gunean ez da betekadarik egon, baina badute beldur apur bat: "Eguzkia berotzen hasten denean herritarrak freskatzera gerturatuko dira, eta orduan, guztiendako lekurik izango dugun ez dakigu. Ordu eta erdiko txandak antolatuko ditugu eta 35 lagunendako lekua egongo da. Hori betetzerakoan, hurrengora itxaron beharko dute". Igerilekuez eta spa-guneaz gain, solariuma ere zabalik dago; hori bai, aurten ez dute jarriko hamakarik ezta eguzkitakorik ere.
Rokodromoa itxita oraindik
Bestetik, rokodromoa ere aste honetan zabaltzeko asmoa izan arren, atzeratu beharrean izan dira. Koltxonetak aldatzen dabiltza gune hartan, eta lanak atzeratu egin dira. Datarik zehazterik ez dute izan, baina lehenbailehen irekiko dute.
Skate parkea eta pilotalekua
Kiroldegi aurreko zelaian dagoen skate parkea zabalik dago azken asteotan. Baita Iturrigorri pilotalekua ere, baina bakarrik UDAren pilota sailean dihardutenek entrenatzeko. Berbera gertatzen da zazpiko futbol zelai berriarekin.