Astelehenean zabalduko dute Ibarra kiroldegia

Mirari Altube Arrese 2020ko eka. 5a, 19:50

Spinningeko bizikletak gertu kantxan.

Ibarra kiroldegiaren ateak zabalduko dituzte ekainaren 8an, astelehenean. Ikastaroak jarriko dira abian lehenengo astean eta hilaren 15ean, igerilekuak, fitness aretoa eta rokodromoa. Aldez aurreko hitzordurik hartu beharrik ez da izango, baina aforoa eta denbora mugatuko dituzte. Udaletik jakinarazi dute instalazioak erabiltzen ez dituzten abonatuei irailera arte ez dietela kuotarik kobratuko.

"Kirol jarduera suspertze" aldera eta hirugarren fasean sartzearekin batera kiroldegiko ateak zabaltzea erabaki du Udalak. Ikastaroekin ekingo diote jardunari; hona hemen horiek: mantentze gimnasia, pilates, yoga, zumba, tonifikazioa, multifitness, hipopresiboak eta gap, besteak beste. Jarduera bakoitzean 16 eta 20 laguneko aforoa ezarriko dute.

Ekainaren 15ean, astelehena, beste bi gune zabalduko dituzte: igerilekuak 08:00etatik 14:00etara; eta fitness aretoa, 16:00etatik 21:00etara.

Eta hilaren 22tik aurrera eta uztail osoan honako ordutegia izango du:

  • Astelehenetik egubakoitzera: 08:00-14:00 eta 16:00-21:00.
  • Zapatuetan: 10:00-14:00 eta 16:00-20:00.

Funtzionamendua

Kirol ekipamenduaren eskaintzak, ordutegiak eta espazioak birplanteatu behar izan dituztela adierazi dute, koronabirusak sortutako egoera dela eta: "Hartutako neurrietako batzuk ez dira soilik errealitate berrira egokitzeko neurri zuzentzaileak, baizik eta espazioen aprobetxamenduaren hobekuntzak".

Ez da beharrezkoa izango aurretiko hitzordua eskatzea, baina aforoak mugatuko dira eta baita denborak ere.

Aforoei dagokienez, fitness aretoak gehienez 25 erabiltzaile har ditzake aldi berean, baita igerilekuak ere goizeko ordutegian. Azken horietan arratsaldean 35 bainularira handituko dute aforoa (erabilera ludikoa eta igerilarientzako erabilera barne). Rokodromoan, berriz, zortzi lagunentzako tokia egongo da.

Bestetik, garbitzeko eta desinfektatzeko neurriak eta protokoloak ezarriko dituzte.

Prezioak

Prezioei dagokienez adierazi dute herritarrei kiroldegirako itzulera errazteko ahalegina egin dutela "nahiz eta egoera ekonomiko zaila izan". Hori horrela hiru neurri hartu dituzte:

  • Zuzendutako kirol jarduerak debalde izango dira.
  • Instalazioak erabiltzen dituzten abonatuek 16,86 euro ordainduko dute hilean eta haurrek, 9 euro hilean.
  • Zerbitzua erabiltzen ez duten abonatuei ez diete hileko kuotarik kobratuko irailera arte.

Udal ordezkariek kiroldegiko erabiltzaileen laguntza eta ekarpen eraikitzaileak eskatu dituzte salbuespenezko egoera honetan, "beharrezko zuzenketak egiteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak