Mikel Larburu: "Atzetik datozenak dira errefortzu inportanteena"

Mirari Altube Arrese 2020ko eka. 5a, 16:53

Mikel Larburu aginduak ematen partidu egun batean. Argazkia: Jesus Mari Erauskin.

UDAko ohorezko erregionaleko taldearen gidaritza izan du Larburuk (Zumaia, 1985), eta gustura dago lortutakoarekin; hurrengo denboraldiari begira lanean hasita daude.

Osasun larrialdiak futbol denboraldia gerarazi egin zuen martxoan. Hala, UDAko ohorezko erregionalak seigarren postuan bukatu du, 38 punturekin.

Taldeak ez zuen ezer jokoan, baina denboraldia errematatu barik geratu den sentsaziorik baduzu?

Bai, badut pena apur bat, gure momentu onenean moztu zelako. Hasiera pattala izan genuen, baina gero, bigarren bueltan, partidu bakarra galdu genuen, Hernaniren aurka. Oilar guztiak bata bestearen atzetik zetozen, baina gu ere ondo geunden, eta, behintzat, bosgarren postuan bukatzeko asmoa geneukan.

Lehen denboraldia egin duzu UDAn; laburtu zelakoa izan den.

Iritsi nintzenean, bi urte pattalak izanak zituen taldeak, eta hasiera harekin kostatu egin zitzaigun arrankatzea. Jendea baxu samar zegoen eta animoari dagokionez lan handia eduki genuen; gehienbat, sinetsarazteko hori baino askoz gehiago ginela. Partiduak irabazten hasi ginenean eta jendea animatzen hasi zenean, benetako potentziala erakutsi genuen; bigarren bueltan partidu bakarra galtzeak bederatzitik zerbait esan nahi du. Hurrengo urtera begira sinistu egin dugu eta pauso are eta handiagoa emateko gai garela esango nuke.

Hortaz, helburua bete da? Bai, baina pena dut gorago bukatzeko aukera ikusten nuelako.

Helburu nagusia aurreko bi urteak gainditzea zen, eta hori lortu dugu, oinarri sendo bat eginda, gainera. Orain, jende gaztea dator azpitik, indar handiarekin, eta denboraldi berriari begira ilusioarekin nago.

Orduan, lanean hasita hurrengo denboraldiari begira?

Bi-hiru baja garrantzitsu izan ditugu, baina atzetik badatoz gazteak, taldea Euskal Ligara igotzea lortu duten jubenilak, hain zuzen ere. Fitxaketa pare bat ere egin ditugu, eta taldea ia itxita dugula esango nuke. Konfinamenduan, gainerako taldeak aurreratu gura izan ditugu; jendea ukitu dugu.

Fitxaketen gainean ezer aurreratzerik?

Gasteiztarrak dira; zeintzuk diren klubak esango du ofizial egindakoan. Ezer sinatu barik ez gara aurreratuko… Baina gogotsu datozela bai.

Zer indartu nahi izan duzu horiekin?

Gehienbat, atzealdea. Ander Maguk belauna apurtu du, ezkerreko alboko lokailu gurutzatua puskatu duela berretsi digute, eta horren postua indartu gura izan dugu. Horrez gain, zelai erdian jokatzen duen Gillen Marrek utzi egin du, eta postu horretarako ere fitxatu dugu. Baina errefortzu garrantzitsuena azpitik datozenak dira, indartsu datozen jubenilak; konpetentzia handia jarriko dute taldearen maila handitzeko.

Hortaz, jokalari gazte horiek izango dute lekua…

Zalantzarik gabe; guztiek izango dute aukera bai denboraldiaurrean, bai urtean zehar. Guk haiekin kontatzen dugu.

Denboraldi-aurrea aipatu duzu; uztailean lanean hasteko asmoa?

Iaz uztailean egin genituen entrenamendu batzuk, baina aurten ez dut uste. Denboraldi hasiera urri aldera atzeratuko ote den esaten dute. Asmoa da ahal den bizkorren hastea lanean, baina, jakin arte denboraldiaren data, ezin finkatu denboraldi-aurrea.

Lehen denboraldia honetan gustura egon zara UDAn?

UDAk, niretzat, dena dauka klub bezala: instalazio onak; zale beroak, asko laguntzen digutenak partiduetan; zuzendaritza inplikatua; eta jokalariak ere elkartearekin oso inplikatuak. Hasiera pattala izan arren, zuzendaritzak ikusi zuen lan ona egiten genbiltzala, pazientzia izaten jakin zuen, eta gero ikusi dira emaitzak. Beste pauso bat ematea da asmoa, UDAk egon behar duen tokian egoteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak