Denboraldiko helburua beteta, Euskal Ligara

Maialen Regueiro 2020ko mai. 15a, 19:12
Ohorezko jubenilen taldea, Mondraren aurkako derbia irabazi izana ospatzen (Irudia: UDA)

Sailkapeneko buru zen UDAko taldea, eta Gipuzkoako Futbol Federazioak jakinarazi die Euskal Ligan jokatuko dutela. Entrenatzaile lanetan aritu den Unai Calzon eta taldeko kapitaina izan den Haritz Diaz de Guereñu pozik agertu dira igoerarekin. 

Joan den asteburuan jakin zuten bailarako futbol taldeek Gipuzkoako Futbol Federazioak denboraldi honetarako hartutako erabakia, eta, horren ondorioz, UDAko ohorezko gazteek Euskal Ligan jokatzeko aukera izango dute 2020-2021 denboraldian.

Talde aretxabaletarrari sei partidu geratzen zitzaizkion denboraldia amaitzeko, eta, 64 punturekin, sailkapeneko buru zen. Igoerarekin "pozik" Unai Calzon ohorezko gazteen entrenatzailea eta Haritz Diaz de Guereñu, taldeko kapitaina, pozik azaldu dira Federazioak emandako albistearekin. Calzonek aitortu du, gainera, egoera "kaskar" honetako "albiste onenetakoa" izan dela eta taldeak horrelako zerbait espero zuela, datuak onak direlako. Hala ere, albistea jakin bitartean taldeak egoera ezjakintasunez zein beldurrez bizi izan du, Federazioak zenbait aukera zituelako esku artean.

Denboraldiaren bilakaera

Ohorezko gazteen denboraldiari %20 geratzen zitzaion, sei jardunaldi, eta aretxabaletarrak sailkapeneko buru ziren, 64 punturekin. Diaz de Guereñuk aitortu du denboraldi hasieran taldeak finkatutako helburua Euskal Ligara igotzea zela. Calzonek, bestalde, 2019-2020a denboraldi borobila izan delakoan dago: "Hasieratik dena oso ondo irten zaigu eta lesioekin ere zortea izan dugu. Hala ere, denboraldi zorrotza izan da eta lan asko egin dugu".

Taldearen jarrerari dagokionez, entrenatzaileak honela deskribatu du: "Talde sendoa izan da. Izan ere, taldea osatzen duten jokalariak langileak, lehiatsuak eta bihotz onekoak dira. Beraz, hiru ezaugarriak elkartuta, talde oso ona sortu dute. Azken batean, futbola maitatzen duen lagun talde bat da eta horrek hein batean ere eragina izan du izandako denboraldian". Diaz de Guereñuk, bestalde, azaldu du taldeak hasieratik zekiela aurtengoa beraien urtea izango zela: "Berdegunean izugarrizko taldea izan garela erakutsi dugu eta berdegunetik kanpo ere talde bat izan gara, eta horrek asko eragiten du". Hala ere, jokalari eskoriatzarrak uste du mailaz igo izana azken hiru urteetan egindako lanari esker izan dela: "Duela hiru urte hasi ginen talde hau osatzen, eta mailaz igotzea epe horretan egindako lanaren azken emaitza izan da". Horrekin batera, UDAko kapitainak egunerokotasuneko lanean jarri du azpimarra, eta taldeko kide guztiek erakutsitako konpromisoa, ilusioa eta esfortzua goraipatu ditu, horiek barik ezinezkoa izango zelako aurrera jarraitzea, ezta mailaz igotzea ere.

Euskal Ligari begira

Nahiz eta Gipuzkoako Futbol Federazioak ez dituen datorren denboraldirako baldintzak zehaztu, ohorezko gazteak jakitun dira Euskal Liga aurtengoa baino maila indartsuagoa izango dela. Horregatik, Calzonek adierazi du garrantzitsua dela jokalariek azken urteetan erakutsi duten maila mantentzea, eta, aldi berean, maila ezberdina izango den kontziente izatea. Datorren denboraldian gainera, jokalari berriek osatuko dute taldea. Izan ere, beheko mailetatik hainbat jokalari igoko dira eta beste hainbatek goiko kategorietan jokatzeko aukera izango dute. Azken hori da, hain zuzen, Diaz de Guereñuren kasua, eta, adinak baldintzatuta, 2020-2021 denboraldian seniorrekin arituko da. Calzonek gazteen entrenatzaile gisa ez duela jarraituko ere aitortu du, UDAko beste talde bat gidatzen arituko dela argudiatuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak