Aretxabaletako Udalak animaliak edukitzeari buruzko ordenantza modu parte hartzailean eguneratuko du

Uxue Igarza Loiola 2020ko api. 24a, 15:56

Txakurrak kalera ateratzeko neurriak ere jasotzen dira ordenantzan.

Udalak zirriborroa egin du, eta herritarrek ordenantzako artilukuen gaineko iradokizunak egiteko aukera zabaldu du webgunean. Maiatzaren 15era arte egongo da proposamenak egiteko aukera.

Zazpi artikulu eguneratuko ditu Aretxabaletako Udalak, eta horretarako, 16 urtetik gorako herritarren partaidetza eskatu du. Orain arte animalia basatiei –uso eta kaleko katuak, besteak beste– jaten ematea debekatzen du ordenantzako 3. artikuluak, eta 60 eta 600 euro arteko isunak esleitzen zaizkie araua hausten dutenei. Isun bera zehatzen zaie txakurren gorozkiak jasotzeko poltsarik gabe dabiltzan pertsonei, 33. artikuluan jasotzen denez. Horiek dira eguneratzeko dauden zazpi artikuluetako bi.

Eguneratu beharreko gainerako artikuluak ere txakurrei lotutakoak dira. Adibidez, 3. artikuluan eduki ahal izateko baldintza bereziak bete behar dituzten txakurrak agertzen dira, eta 20. artikuluan, salaketaren bat jaso duten txakurrek kolore gorriko plaka bat eraman behar dutela arautzen da, erraz identifikatu daitezen. Besteetan, txakurren jolas-guneak edota animaliak lotzeko uhalak arautzen dira.

Ekarpenak maiatzaren 15era arte online egiteko aukera egongo da , eta izen-abizenak eta NANa jarri beharko dira artikuluen inguruko iradokizunak egiteko.  Behin proposamenak jasota, Osoko Bilkurak behin betiko onartuko du ordenantza berria.

Aisialdi gunea

Bestetik, Aretxabaletako Udalak jakinarazi duenez, txakurrentzako aisialdi gune bat egokitzeko asmoa du, baina gunea erabiltzeko arauak bete beharko dituzte herritarrek, adibidez, txakurrak uneoro pertsona heldu batek lagunduta egotea. Gainera,  erroldatako txakurrak, mikrotxipa dutenak edota higiene eta osasun-arloan indarrean dagoen araudia betetzen dutenak bakarrik sartu ahalko dira gunera, eta uhalarekin sartu eta atera beharko dira. Gunea Txarapea inguruan atonduko dela azaldu dute eta 900 metro karratukoa izango dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak