Laugarren kidea etorri da Aretxabaletako udaltzainen taldea osatzera

Mirari Altube Arrese 2020ko mar. 27a, 14:31

Praktikak egiten dagoen Kevin Santiago galdakoztarra udaletxe aurrean.

Galdakaokoa da Kevin Santiago, 27 urte ditu eta Arkauteko akademiako ikaslea da. Udaltzainen zerbitzua indartzera etorri da eta martitzenetik dago lanean.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, Arkauten, prestakuntza jasotzen dabiltzan 300 udaltzain hautagaietako bat da Santiago. Koronabirusaren hedapena geldiarazteko neurriak direla-eta, irakaskuntza-jarduera aldi baterako eten egin dute, eta Ertzaintzaren 28. promozioko 617 ikasleei eragin die horrek. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ikasle horiek mobilizatu ditu COVID-19 gaitzaren aurrean polizia zerbitzuak indartzeko "ahal dituzten eskumenen barruan"; izan ere, oraindik ez daude agente izendatuta.

Kevin Santiago praktiketako udaltzain lez jardungo du lanean, Arkauteko egonaldia bukatu arte. Udan izendapen ofiziala jasoko du eta Aretxabaletan hutsik dauden bi plazetako bat beteko du. Udaltzain-buru plaza, ostera, bete gabe dago, eta datozen hilabeteetan deialdia martxan jartzea espero dute Udal ordezkariek.

Unai Elkoro alkateak adierazi du herritarren segurtasuna "lehentasun" dela Udalarentzat, eta helburu hori lortzeko "baliabide garrantzitsuena" Udaltzaingoa dela. Eta nabarmendu du alarma egoeraren dekretua betetzen dela bermatzeko udaltzainak egiten ari diren lana.

300 esku-hartze baino gehiago

Alarma egoera ezarri zenetik udaltzainen zaintza zerbitzua indartu egin da, astelehenetik domekara, bai herriko kaleetan, bai zabalik dauden denden, farmazien, osasun etxearen eta Eroski supermerkatuaren inguruetan ere. Ibilgailuen erabilera eta herritarren oinezkoen joan-etorriak ere kontrolatzen dabiltzala gaineratu dute Udaletik. 

Konfinamendua ezarri zenetik 300 esku-hartze baino gehiago egin direla adierazi dute, batez ere, ibilgailuen mugikortasunarekin eta txakurra etxebizitzatik urrun paseatzearekin lotutakoak. Gogorarazi gura izan dute, azken hori konfinamenduaren salbuespena dela, baina muga batzuk ez betetzeak 100 eta 30.000 euro arteko isunak ekar ditzakeela, edo 600.000 euro artekoa ere bai, oso larria bada.

Hala ere, Udaltzaingotik nabarmendu dutenez, aretxabaletarrek konfinamendu egoerari emandako erantzuna "egunetik egunera hobetuz doa"; horregatik, "herritarren inplikazioa" eskertu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak