Konfinamendu egoera honen aurrean, dibertitzeko, herritarrak alaitzeko, eta ondo pasatzeko ekitaldia antolatu zuten, atzo, Aretxabaletako AZ Gaubelako kideek, herritarren kolaborazioarekin. Herritarrak balkoietan musika jarrita, mozorrotuta, eta argi-festa eginaz, airez hartutako irudi bikainak utzi zituen ekitaldiak. Hemen bideoa osorik.
Zuzenekoan 20.000 ikustaldi inguru
"Egunean zehar Youtuben eman genituen argibideen eta zuzeneko emanaldiaren ikustaldi kopurua 20.000 pertsona ingurukoa izan da. Horrekin batera, Instagramen ere eman genuen, eta bertan ere arrakasta handia izan du. Oso karnabaleroak gara herrian, mozorratzea eta ondo pasatzea asko gustatzen zaigu, eta jendeak oso ondo erantzun du".
Estilo askotariko musika
"Alor teknikoan, berriz, lan handia suposatzen du, eta ahal dugun heinean ditugun baliabideekin egin dugu lana. Horrekin batera, estilo askotariko kantuak jarri genituen irudiekin batera playlist-ean: dantzatzeko musika, rock estilokoa eta herriko talderen baten kanturen bat…".
Beste herrietara zabalduz
Oihartzun handia izan duela ere gaineratu du Mikel Alberdik, adieraziz, beste hainbat herrietako lagunen mezuak ere jaso dituztela, beraien herrian egitea ere asko gustatuko litzaiekeela esanez. Hala ere, konfinamendu egoera honekin hori ezinezkoa dela esanez, aurrera begira, beste zerbait egitea ez dutela baztertzen adierazi du.