Joseba Gereduz, Gaizka Aretxaga eta Ibai Zabala dira GAZ Limbo taldea osatzen dutenak, eta "trapa egiten duten metalero" bezala definitzen dute beraien burua. Buruaz Beste izeneko diskoa azaroaren 28an argitaratu zuten Durangoko Azokara begira, eta lan horretan batzen dituzten kantuekin zein berri batzuekin izango dira udaletxe zaharreko atartean.
Gaurko musika kontzertuaz gain, ipuin kontaketa eta bertso afaria ere antolatu dute Loramendi elkartetik martxorako. Hilaren 6an, hurrengo egubakoitza, Dorleta Kortazar ipuin kontalari eskoriatzarra izango da udaletxe zaharrean azken lana aurkezten: 80 amandre.
Bertso afaria Hibai Gainen
Loramendik eta Lekaixoka bertso eskolak elkarlanean antolatuta, eta Udalak lagunduta, bestalde, bertso afaria izango da, martxoaren 13an, Hibai Gain elkartean. Nerea Elustondo (Legazpi, 1981) eta Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein, 1994) bertsolariak izango dira afaria girotzen. Txartelak dagoeneko salgai daude Loramendi elkartean, Taberna Berri jatetxean eta Urbaltz tabernan. Prezioa 20 euro da Loramendiko bazkideendako eta 22 euro, gainerakoendako.