Santa Kurtz kalea berritzeko bi aukera zehaztu dituzte herritarrek erabaki dezaten

Mirari Altube Arrese 2020ko ots. 25a, 16:59
Amaia Murgiondo Parte-hartze teknikaria eta Saioa Llodio Hirigintza teknikaria.

Hornidura eta saneamendu sarea berrituko du Udalak Santa Kurtz kalean, eta horiek aprobetxatuta, kalea berrurbanizatuko du "irisgarritasuna eta bide segurtasuna hobetzeko". Bi proiektu landu dituzte eta martxoaren 2tik 7ra bitartean herritarrek bietako bat aukeratu ahal izango dute eta ekarpenak egin horiei.

Aurten helduko dio Udalak Santa Kurtzeko hornidura eta saneamendu sarea berritzeko lanei. Eta bide batez, Kurtzebarri eskolatik kuartela arte dagoen bide zatia txukunduko du. Egingo dituzten lanen artean daude, besteak beste, oztopo arkitektonikoak kendu, espaloiak zabaldu, ibilgailuendako erreiak estutu abiadura murrizteko eta oinezkoen eta automobilen ikuspena hobetzeko baliabideak jarri.  

Horretarako bi aukera landu ditu Udalak eta horien berri eman gura diete herritarrei, "Santa Kurtz kalearen eta inguruen eraberritzea adosteko". Aukera horien berri emango dute martxoaren 2tik 7ra bitartean, Arkupen. Orduan izango dute aukera baten aldeko botoa emateko eta ekarpenak egiteko.

Santa Kurtz kalean eta inguruetan

Azpiegituren sare guztiak birmoldatuko dituzte: ur hornidura, euri uren eta ur beltzen saneamendua, energia elektrikoaren sarea, eta argiteria publikoaren eta telekomunikazio instalazioak. Bestetik, kaleko maldak berrikusiko dituzte, eta oinezkoen guneetan eta ibilgailuendako bideetan zoladura hobetuko dute.

Kurtzebarri eskolaren eraikinaren bukaeran hasi eta kuartel zaharra arte dagoen tartea birmoldatuko dute, baita Santa Kurtz kalearen perpendikularrak ere, Elkano, Guridi, Iparragirre, Sarasate eta Otalora kalearen 12, 18 eta 22 atarteak, esaterako. 

Proiektua oraindik erabakitzeko egon arren 1.850.000 euroko inbertsioa aurreikusi du Udalak. Obrei dagokienez, eta ezustekorik ezean, uztailaren amaierarako esleitzea espero dute, irailean has daitezen. Behin lanak hasita zazpi hilabete iraungo dute, baina behin betiko epea aretxabaletarren ekarpen guztiak jaso eta proiektua bukatzen denean zehaztuko dute.

Bi aukeren arteko alde nagusiena aparkalekuak

Asmatu ingeniaritzak bi alternatiba aurkeztu ditu Santa Kurtz eta inguruko kaleak urbanizatzeko. Bien arteko alderik nagusiena dago aparkaleku kopuruan eta horien kokalekuan, baita lorategien diseinuan ere.

A aukerak 132 aparkaleku eta oinezkoentzako gune zabalak jaso ditu, eta aurrekontua 1.844.600 eurokoa da. B aukerak, berriz, 150 aparkatzeko plaza ditu, oinezkoen guneen zabaltasuna murriztuta, nahiz eta irisgarritasuna beti bermatu. Kostua ez da asko aldatzen, eta 1.830.700 eurokoa da.

Bien artean hautatu ahal izango dute aretxabaletarrek, eta ekarpenak ere egin ahal izango dituzte. Udaletik jakitera eman dute teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak diren eta hobekuntza dakarten proposamenak sartuko dituztela azken proiektuan.

Botoa emateko epea martxoaren 2tik 6ra

Kale horietako 333 etxebizitzek eskuorri bat jasoko dute egunotan argibideekin. Dena den, parte-hartze prozesua herritar guztiei irekita dago; horretarako, Aretxabaletan erroldatuta egon beharko da eta 16 urtetik gorakoa izan. Herritar bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du, NAN aurkeztuta.

Proiektua kontsultatzeko eta bozkatzeko gunea Arkupen jarriko dute martxoaren 2tik 6ra arte goizez  (10:00-13:00) eta arratsaldez (17:00-20:00), eta 7an, zapatua, goizez bakarrik (10:00-13:00). Horrez gain, datorren astelehenean Unai Elkoro alkateak eta Xabi Otxoa Hirigintza zinegotziak herritarren zalantzak argituko dituzte Arkupen. Jasotako iradokizunak behin aztertuta Udal ordezkariek apirilean jakinaraziko dute proiektuan sartuko dituzten aldaketak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak