Hiru puntuak poltsikoratuta, Aratusteak behar bezala ospatzeko gertu UDAkoak

Txomin Madina Milikua 2020ko ots. 22a, 22:11

Adrianek eta Ander Martinezek bigarren zatian egindako golei esker 2-0 irabazi diote aretxabaletarrek Rela Unioni.

Jaitsiera postuetan egonda, Real Union puntu gosearekin eta beharrarekin zelairatu da gaur Ibarran UDAren kontra zeukan partiduan, eta horrek nahiko ezustean harrapatu ditu aretxabaletarrak. Hala, lehen zati ia osoan maila nahiko parekatua izan da.

Atsedenaldi aurreko azken minutuetan baina, gauzak aldatzen hasi dira, eta etenaren ostean Mikel Larburu aretxabaletarren entrenatzaileak egindako bi aldaketek eman dute fruitua: baloiarekin hobeto ibili dira UDAkoak, eta 72. minutuan, hegaleko falta baten ostean, Adrianek partiduko lehen gola egin du.

Erasoan jarraitu dute aretxabaletarrek, eta kontraerasoko jokaldi on baten ostean, Ander Martinezek Irungoen atea zeharkatzea lortu du berriz ere. Etxekoek defentsan ere lan ona egin dute, eta horren seinale da ia ez dela baloirik heldu haien atera.

Datorren astean, derbia

Gaurko hiru puntuak eskuratuta, laugarrenetik lau puntura dago UDA. "Taldea goraka doa, eta anbiziodunak izan behar gara: ondo gaude sailkapenean, eta gehiago gura dugu", azaldu du Mikel Larburuk. Datorren astean gaurko partidua galdu duen Bergararen kontra jokatuko dute: "Derbi zaila izango da, haiek ere behar handiarekin datozelako. Pazientziarekin jokatu behar dugu, baita haien beharrarekin ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak