Ainara Urrutia aretxabaletarra duela urte eta erdi hasi zen mendian korrika egiten, eta aurtengo mendiko lehenengo lasterketa pasa den domekan egin zuen: hain zuzen, Antzuolako 8 Miliak lasterketa. Bikain hasi du denboraldia; izan ere, azkarrena izan zen emakumezkoetan, 1:20:24ko denborarekin, eta, emaitza aparta izan bada ere, ez da denboraldi honetara begira duen erronka bakarra.
Denboraldiko lehena, eta txapela etxera. Emaitza ezin hobea, ezta?
San Silvestre egunean Bergaran egin nuen lasterketa senarrarekin batera, baina esan dezaket denboraldiko lehena izan dela Antzuolan egindakoa. Lasterketa polita da, distantziaz ez da luzea, baina aldapa zorrotzak eta jaitsiera teknikoak ditu. Aurreikusi baino hobeto eginda, disfrutatu egin nuen.
Hala ere, ez daramazu denbora asko mendian korrika egiten, ezta?
Beti izan naiz kirolaria, gaztetan saskibaloian ere aritu nintzen, baina duela urte eta erdi hasi nintzen. 3 eta 5 urteko bi alaba ditut, eta buruak eta gorputzak eskatuta senarra eta biok korrika egiten hasi ginen ahal genuen guztietan. Gero, distantzia laburreko lasterketa batzuetan parte hartzen hasi nintzen, asfaltokoetan, eta irailean, Gasteizko Gaikar taldearekin hasi nintzen. Ilusioz hartu nuen erronka, eta urria aldera senarrarekin mendira joaten hasi nintzen.
Mendiko lasterketa gutxi egin dituzu, baina maila handian aritu zara, ezta?
Maiztasun gehiagorekin entrenatzen hasi nintzen mendian hasi nintzenean, eta serioago hartu nuen. Emaitzak onak dira, eta ez soilik azken lasterketakoa. Distantzia laburreko probak egin ditudan arren, guztietan aritu naiz sailkapeneko goiko postuetan. Hala ere, Antzuolakoa Debagoienean izanda, ilusio gehien egin didan garaipena izan da.
Hala ere, erronka handiak dituzu denboraldira begira?
Martxo amaieran Gaikar taldekoekin Malagara noa, Taldekako Espainiako Txapelketara. 32 kilometroko lasterketa da hori, distantzia luzekoa, eta erronka handia da niretzat, ez bainago halako probeta luzeetara ohituta. Gero, handik astebetera, Mondraitz egiteko gogoa daukat, eta Kantabriara ere joango naiz, apiril amaieran… Helburua disfrutatzea da.
Korrikan hasi nahi duenarentzat mezurik?
Ez naiz goiztiarra, 37 urterekin hasi naiz ni, haurrak izan ostean. Hala ere, ez dago adinik korrika egiteko, nire momentua orain da, eta hori nahi nuke azpimarratu. Geroz eta emakume gehiago ari gara lasterketetan, eta gogoa duenari animatzeko esan nahiko nioke. Ederra baita, ongi eta sasoian sentitzea.