Leizarra musika eskolako dantzariek –hamar taldetan banatuta– eta txistulariek Egubakoitz Argal ikuskizuna eskainiko dute gaur, egubakoitza, Ibarra kiroldegian (18:00). Mimo jantzita dantza bana egingo du talde bakoitzak, eta bukaeran, elkarrekin beste hiru eskainiko dituzte: polka irlandarra, pasodoble bateko koreografia eta Txulalai. Herritar guztiak gonbidatu dituzte bertara.
Herri bazkari jendetsuak
Domekaren zain daude herritarrak, eta hori antzeman da azken egunotan herrian. "Mozorroa gertatzeko lokaleko giltza barik geratu dira Arkupen, eta jende mordoa dabil han ", jakinarazi du Karnabalen Lagunak taldeko Ibai Zangituk. Kuadrillek, baina, isilean dihardute lanean eta inork ez du gura mozorroaren berri eman, ezta Zangituk berak ere.
Horregatik, kuadrillen desfileak ikusmin handia sortuko du eguerdi partean eta jende asko elkartuko da herriaren erdigunean hori gertutik jarraitzeko. Bazkaltzera joko dute gero herritarrek, eta aurten, bi herri bazkaritan elkartuko dira: kiroldegian ia 600 lagun eta pilotalekuan 400 bueltan. Biak ala biak DJek girotuko dituzte, eta, Zangituren esanetan, ohitura bihurtu den Bailar pegados kantuak ez du hutsik egingo, beste behin.
Nerabeei bereziki eskainitako hainbat ekintza ere izango dira aurten, Udalak antolatuta; besteak beste, photocall-a, afarimerienda (norberak eroan behar du jatekoa eta ez dute onartuko alkoholdun edaririk) eta txokolate-jana.
Martitzenean ikasleak
Martitzenean, ostera, ikastetxeetako neska-mutikoak izango dira protagonista; dantzan egingo dute plazan goiz partean. Txinen hiletarekin agurtuko dituzte Aratusteak, eta, ohi legez, kintoek eroango dute haren zerraldoa erretzera.
Egubakoitza
- • 18:00 Egubakoitz Argal jaia musika eskolak antolatuta, kiroldegian.
Zapatua
- • 10:00 Txistularien diana.
- • 11:45 Txino dantza.
- • 12:00 Kuadrillen desfilea.
- • 13:00 Kalejira,Gesaltza txarangarekin.
- • 14:30 Herri bazkaria kiroldegian, KI DJak girotuta.
- • 14:30 Herri bazkari golfoa pilotalekuan, AZ Gaubelak girotuta.
- • 17:30 Photocall-a plazan.
- • 18:00 Kalejira txarangarekin kiroldegitik plazara.
- • 18:45 Mozorro lehiaketaren sari banaketa.
- • 19:00 Kintoen dantza saioa.
- • 19:30 Jon DJaren emanaldia plazan.
- • 20:30 Afari merienda nerabeendako komentuan.
- • 20:00 Moto DJa plazan.
- • 00:00 Txokolate-jana plazan, nerabeendako.
Martitzena
- • 10:30 Umeen dantza emanaldia plazan.
- • 11:00 Kalejira Irulitxa txarangarekin.
- • 17:30 Buruhandien kalejira txarangarekin.
- • 20:00 Txin-en hileta.