Su detektagailuak jarriko dituzte adinekoen etxeetan

Mirari Altube Arrese 2020ko ots. 22a, 09:37

Bakarrik –edo adin horretako beste pertsona batzuekin batera– bizi diren eta 80 urte beteta dituzten aretxabaletarren etxebizitzetan su detektagailuak jarriko ditu Udalak. Horretarako eskaera aurkeztu behar da Gizarte Zerbitzuetan (943 71 18 62), aurrez hitzordua eskatuta. Adineko pertsonen segurtasuna hobetzea da egitasmoaren helburua.

Atiempo enpresa arduratuko da horrekin, eta debalde izango da. Zerbitzuak hiru fase ditu. Lehenengoan, teknikariek ikuskapen bat egingo dute etxebizitzek dituzten arriskuak antzemateko; horretarako, gasaren, galdaren, berogailuaren edo instalazio elektrikoen berrikuspenak egiaztatuko dituzte. Prebentzioaren eta suteen aurrean zelan jokatu ezagutzak ere emango dizkiete adinekoei.

Bigarren fasean suteak antzemateko sistema egokituko dute; kea dagoela ohartarazteko, soinu-alarma bat edo argi-alarma bat jarriko diete. Eta hirugarrenean, etxebizitzaren eta eraikinerako irisgarritasunaren krokis bat egingo da, suhiltzaileei lana errazteko; erreakzio-denborak murriztea eta ebakuazio azkarra egin ahal izatea da horren helburua.

Ia 500 lagun 80 urtetik gorakoak

Aretxabaletan 492 herritarrek dituzte 80 urte baino gehiago. Lehen kanpaina honetarako, diru-partida bat bideratu du Udalak (iazko maiatzean onartu zuen udalbatzak hori), eta  dozena bat etxebizitzetan jarriko dituzte su detektagailuak. Programak jarraipena izango du, eta itxaron zerrendan geratzen diren eskaerei hurrengo kanpainetan erantzungo dietela adierazi dute Udal ordezkariek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak