Orain dela hiru urte sinatu zuen hitzarmena Aretxabaleta Lanbide Eskolak Eslovakiako Trnavako ikastetxe batekin Erasmus proiektuaren bueltan, eta horren emaitza da osasun arloko lau irakasle etorri izana: "Sistemak alderatu ditugu, hemengo metodoa ezagutu eta interesak elkarbanatu", adierazi dute.
Hainbat bisita egin dituzte aste guztian; besteak beste, Aspacen eta Arrasateko Iturbide egoitzan egon dira. "Aspacen harrera beroa egin ziguten eta gertutasunak atentzioa eman zien, baita antolatzeko erak ere", adierazi du ALEKo irakasle Lourdes Mendiak.
Elkartrukearen emaitzarekin pozik agertu dira. "Erasmus proiektua ona da, beste sistema batzuk ezagutzeko bide ematen die eta. Bestelako gaitasunak eta konpetentziak ere eskuratzen dituzte", diote Eslovakiakoek.
Mendia ere bat etorri da: "Ikasleendako erronka handia izan zen hara joatea, eta oso gustura itzuli dira". Hamabi lagun egon ziren iazko urte bukaeran, bi erizaintza laguntzaile ikasleak eta hamar automoziokoak.