Zuhaitzaren Eguna egingo dute etzi, domeka

Naroa Urien Berrio 2020ko ots. 14a, 17:00
2019ko Zuhaitzaren Egunean, herritarrak Txarapean zuhaitzak landatzen.

Otsailaren 16an, domekan, Zuhaitzaren Eguna ospatuko dute herrian. Eta aurten, hain zuzen ere, zazpiko futboleko zelai berriaren inguruan landatuko dituzte zuhaitzak: espezie ezberdinetako hogeita hamabost ale.



Otsailaren 16an, Zuhaitzaren Eguna ospatuko da Aretxabaletan. Urtero bezala, zuhaitzak landatuko dituzte herriko hainbat partaiderekin batera. Landaketa lanetan Basabeazpiko, Almengo eta Kurtzebarriko ikasleek hartuko dute parte. Horiekin batera, aurreko urtee- tan bezala, Aretxabaletako Landaketa Taldie eta Makai Basogintza arituko dira landaketa eta koordinazio lanetan.

35 zuhaitz inguru

Aurten, gainera, Ikerlanek espezie ezberdinetako zuhaitz autoktonoak emango ditu landaketa egiteko. Guztira, 35 bat zuhaitz landatuko dira. Ikerlanen eskutik 27 bat, gutxi gorabehera: pagoak, haritzak, urkiak eta astigar arruntak. Makai Basogintza taldeak jarriko ditu gainontzekoak: likindabarrak eta lizarrak. Beste urte batzuetan baino zuhaitz gutxiago landatuko dira aurten. Izan ere, 2017an 73 zuhaitz inguru landatu ziren Mondragon Unibertsitate inguruan, 2018an 50 zuhaitz Ibarra futbol zelaiaren ondoan eta 2019an 40 zuhaitz inguru Txarapean. Hala ere, aurtengoa landaketa berezia izango da, zuhaitz autoktonoak landatzeko aukera egongo baita. "Hainbat zuhaitz landatuko ditugu aurten ere, eta partaidetza handia espero dugu. Egun hau berezia izaten da guztiontzat, herritarren elkarlana eta aldi berean ingurumenaren zaintza sustatzen baita", azaldu dute antolatzaileek.

Deialdia herritarrei

Urtero bezala, zuloak aurretik prestatuko dira, zuhaitz bakoitza joango den tokia adierazi eta prestatuz. Landaketa otsailaren 16an, domekan, izango da. Zuhaitzak landatzera deitu dituzte herritarrak Udalak antolatutako Zuhaitzaren Egunaren baitan. Hamaiketan Herriko Plazan elkartu eta zazpiko futbol zelaiaren ingurura joango dira landatzera. Lanak bukatutakoan mokadutxoa egongo da parte hartu duten herritar guztientzat. Antolatzaileek herritar guztiak parte hartzera gonbidatu nahi dituzte eta Udaleko Ingurumen Sailak ekimenean parte hartzera gonbidatu ditu ikasleak, irakasleak zein gurasoak, baita gainerako herritarrak ere, egun horrek aurreko urteetan izan duen arrakasta lortze aldera. "Beste urte batzuetan 150 pertsona inguru bildu gara, eta aurten ere kopuru hori edo gehiago biltzea espero dugu. Ume zein gurasoek asko disfrutatzen dute elkarrekin, eta, aldi berean, herriarentzat onuragarria den zerbait egiten ari dira", azaldu dute antolatzaileek.

 

 

 

 

 



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak