Hausnartu ostean, suspertu beharrean

Imanol Beloki Unamuno 2020ko ots. 7a, 14:40

Partidu baten deskantsuan, jokalariak adi-adi entzuten Arkaitz Ribera entrenatzailearen aginduak.

UDA areto futbol taldeak zapatuan jokatuko du Jaixki AFT Lezoko taldearen aurka, 17:00etan, Ibarra kiroldegian. Sailkapeneko azken postuetatik gora egiteko asmoarekin irtengo dira kantxara Arkaitz Riberaren mutilak, garaipena helburu.

UDA areto futbol taldeak hausnarketarako astea izan du. Izan ere, ez dira denboraldi ona egiten ari Arkaitz Riberaren mutilak, eta, sailkapeneko zuloan sartu gura ez badute, suspertzea komeni zaie. Egoera ez da batere ona, eta duela bi urte Maila Nazionalera eman zuten jauzia handia izan zen arren, garai hartako ilusioa gainbeheran doa. Denboraldi bakarra egin zuten Nazionalean, eta azken bi urteak Euskal Ligan eman dituzte –orain ere bertan daude–. Hala ere, Gipuzkoako lehenengo mailara jaitsi aurretik buelta eman nahi diote egoera honi, suspertu, eta puntuak batzen hasi.

Arkaitz Ribera entrenatzailea positibo agertu da, eta adierazi du kopan nahiko ondo aritu direla jokalariak, baina maila mantendu gura badute, ligan hasi behar direla puntuak batzen: "Gipuzkoako Kopa eta Euskal Ligako Kopa jokatu ditugu. Gipuzkoakoan, finalaurrekoetara iritsi ginen, eta oso ondo aritu ginela uste dut, maila emanez. Euskal Ligakoan, bestalde, entrenatu gabe joan ginen, eta ondo ez prestatzearen ondorioz, bigarren txandan kalera joan ginen. Hala ere, orain ligan zentratuta gaude, eta mailaz jaistea hor dagoen arren, ez dut uste halakorik gertatuko denik. Beraz, zapatuan irabaztera irtengo gara kantxara".

Taldearen aldaketa

Jokalari beteranoenak taldea uzten joan dira, eta iaz, gainera, taldea goitik behera aldatu zuten. Gaur egun, jende falta dute, lesioen ondorioz, eta hor dagoela emaitza txarren gakoa adierazi du Riberak. "Talde oso ona daukagu, baina bi jokalari pisutsuk utzi egin dute, lesioak ere asko izan ditugu, eta beti berdinek jokatzean erreta, nekatuta… amaitzen dute. Hori horrela, jokalari berriak fitxatu beharrean gaude, atezain batetik hasita. Izan ere, Julen Ibabe atezaina Erasmus-era doa eta Joseba Zubizarreta orain arte lesionatuta egon da, eta bi izatea komeni izaten da", adierazi du Arkaitz Ribera UDA Aretxabaleta taldeko entrenatzaileak.

Zapatuan, etxean, 17:00etan

Zapatuan etxean jokatuko du UDA Aretxabaletak, Jaixki AFT taldearen aurka. 17:00etan hasiko da partidua, Ibarra kiroldegian, eta taldekideak prest daude jokatzeko. Lezoarrek etxekoek baino bederatzi puntu gehiago dituzte, eta sailkapenean zazpigarren postuan daude. Hala, zaleen animoak eskatuz, kiroldegira joateko dei egin dute jokalariek

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak