MUko Ikus-entzunezko Fakultateko 4. mailako ikasleak eta Iban del Campo irakaslea burubelarri ari dira martxoaren 25etik 27ra bitartean egingo duten Huhezinema film laburren jaialdia prestatzen. Hamahirugarrena izango da, eta "zenbakiarekin jolastuz" beldurrezko filmetan oinarritu dira aurtengoaren gaia eta estetika proposatzeko.
Lara Gonzalez arrasatearrak egin duen kartela aukeratu dute aurtengo irudi: "27 kartel jaso ditugu; orokorrean, lan oso landuak bidali dizkigute eta zaila egin zaigu akordio batera heltzea, baina, azkenean, Gonzalezen lanaren originaltasuna goraipatu nahi izan dugu", diote antolakuntza taldekoek.
66 lan jaso dituzte
Domekan bukatu zen filmak bidaltzeko epea, eta jasotako uztarekin pozik daudela adierazi dute antolatzaileek: "66 film labur jaso ditugu, eta pozik gaude orokorrean lanek duten kalitatearekin. Oraindik ez dugu film guztiak ikusi eta aztertzeko aukerarik izan, baina horretan hasi gara astean. Iaz baino lan gutxiago jaso ditugun arren, kopuru polita da aurtengoa ere. Oso ezberdinak dira generoari, gaiari edo filma egiteko erabili duten teknikari begiratuta. Beldurrezkoak ere badaude tartean".
La Horrorosa Saria eta gehiago
Jasotakoen artean kopuru jakin bat aukeratuko dute Sail Ofiziala osatzeko; eta hautatutako bakoitzak 200 jasoko ditu. "Bost sari eskuratzeko lehian arituko dira horiek: Goiena Saria, euskarazko film onena; Vertigo Saria, dirulaguntza publikorik gabe ekoiztutakoa; Mundukide Saria, giza eskubideen eta justizia sozialaren gaiak egokien txertatuta dituenarentzako; Ikusleen Saria; eta aurten, La Horrorosa Saria ere badugu, beldurrezko film laburrak saritzeko. Irabazleak Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asterako bi gonbidapen jasoko ditu".
Lara Gonzalez (Kartel irabazlea): "Collage digital bat egin dut"
Arrasateko diseinatzaileak eskarmentua du kartelak egiten, eta hainbat sari irabazi ditu; astean jakin du Huhezinema jaialdirako berea aukeratu dutela.
Zelakoa egin duzu?
Collage digital bat egin dut. Gaia beldurrezko filmak izanik, ezinegon sentsazioa sortzen saiatu naiz hartu ditudan irudien bitartez; panpina baten aurpegia, zomorroak eta granada baten itxurako burmuina ikusiko dituzue.
Zer diote epaileek?
Diseinu oso txukuna dela, originala eta euskarri eta formatu ezberdinetarako aproposa dela. Pozik nago.
Zelan landu duzu?
Zailena ideia aproposa topatzea izan da; hori eginda, samur joan da.
Zinemazalea zara?
Gustatzen zait, nahiz eta haur txikiarekin, orain, zinera gutxiago joan.