Otsailera begira kultur egitarau oparoa antolatu dute Arkupen. Domeka honetan bertan ekingo diote; @remociones antzerki konpainiak Desbloqueadas ikuskizuna eskainiko du Zaraia aretoko taula gainean, 19:00etan. Zortzi emakume independenteren bizitza jarriko du jomugan antzezlanak, eta elkarrekin aurrera eraman beharko duten proiektu bati esker lortuko dute guztiek aurrera egitea.
Otsailaren 6tik 29ra, aldiz, Corrado Masacci italiarraren Igelaren itxuraldaketa txotxongilo erakusketa jarriko dute ikusgai. "Urte askotako" lanaren emaitza da hori, Masaccik berak azaldu moduan: "Izenburu hori jarri diot erakusketari anfibio hauen ezaugarririk garrantzitsuenetakoa izateaz gain, objektu bakar baten eraldatze prozesuan metamorfosia dagoelako, nire ustez. Horren kasua izan daiteke arrautza-ontzi bat igeltxotxongilo bilakatzea".
'Madama Butterfly', digitalean
Otsaileko egitarauaren baitan, Arkupeko pantaila handian emango dute. Madama Butterfly obra, otsailaren 14an, 19:30ean hasita. Bertsio digitalean eskainiko dute Giacomo Pucciniren obra ezaguna Sydneyko badiatik (Australia), eta hori ikustera joateko sarrerak salgai daude dagoeneko, bost eurotan.
Hilaren 15ean, Liburutegiko sekretuak ipuin kontaketa saioa eskainiko du Ane Gebara ipuinkontalariak. Liburutegian bertan egingo dute haurrei zuzendutako saioa; 11:30ean izango da.
Azkenik, hilaren 29an Fun Dantz jaialdia egingo dute Ibarra kiroldegian, 18:30ean. Udalak eta BreakONStage jaialdiak antolatzen duten ekitaldia Euskal Herriko dantza urbanoen taldeen erakusleihoa izango da. 21 taldek parte hartuko dute, guztira, eta sarrerak aurrez erosi ahal izango dira. Astelehenetik aurrera jarriko dituzte salgai Arkupen, hiru eurotan. Leihatilan ere erosi ahal izango dira horiek; bost euroren truke.
Zinema eskaintzari dagokionez, eguenero legez zinekluba egongo da. Horretaz gain, asteburuko emanaldiak ohiko orduetan eskainiko dituzte, eta haurrentzako zinema 1ean, 8an, 9an eta 29an izango da –17:00etan–.
Kantari saioko grabaketak
Goienaren Kantari saioko 7. aldia martxan dagoela eta, Aretxabaletako neska-mutikoak kantuan eta dantzan jarriko dituzte. Hasteko, 8an eta 9an entseguak egingo dituzte, nork bere taldearekin kantua eta dantza prestatu dezan. Hurrengo astean, 15ean eta 16an egingo dituzte grabaketak, Zaraian.