Esleituta Santa Kurtzeko bidegorriaren lanak

Mirari Altube Arrese 2020ko ots. 1a, 09:30

Santa Kurtz kaleko espaloia.

Probisa Vias y Obras enpresak egingo ditu lanak eta ekainean hasiko dituzte udako oporraldia aprobetxatzeko; 278 metroko tartea egokituko dute eta hamaika aste aurreikusi dituzte horretarako, ondo bidean irailerako bukatuta izango dira.

Santa Kurtz kaleko bidegorriaren lanak zeinek egingo dituen erabaki du Udalak; Probisa Vias y Obras enpresa bizkaitarrari esleitu dizkio. 213.700 euroko kostua izango dute, eta ekainean hasiko dituzte Xabi Otxoa Hirigintza zinegotziak azaldu duenez: "Eskola jardueran eragin ditzaketen eragozpenak gutxitzeko helburuarekin egingo ditugu udako oporraldian". Hamaika astetan bukatuta izatea lanok gurako lukete, abuztu bukaerarako hain zuzen ere, eta hala, irailerako erabilgarri egongo litzateke.

Garajeetatik saihesbidera

Aretxabaleta barrutik pasatzen den bidegorriaren tarte horrek 278 metro inguru ditu; trenbide zaharreko plataformatik –Kurtzebarri eskolaren iparraldea– Basabe industrialde ingururaino doa –Eroski aurrealdea–. Gune horretan bizikletendako zehaztuta dagoen erreiarekin bat egingo du. 

Lan horiek aprobetxatu gura ditu Udalak Kurtzebarri eskolaren aurrealdean oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna hobetzeko. Eta horretarako, gaur egungo zirkulazio-erreiak estutu egingo dituzte, eta sigi-sagan jarri, ibilgailuen abiadura murrizteko.

Ez da izango aldaketa bakarra. Lan horien ostean, Santa Kurtzetik sarbidea duten etxebizitzen garajeetatik datorren zirkulazioa –21 eta 27 zenbakien artekoak– kendu egingo da kaletik, saihesbiderantz zuzenean irteteko modua eskainiko dietelako autoei: "Neurri horrek are gehiago murriztuko du une honetan eskolaren aurretik derrigorrean pasatu behar duten ibilgailu kopuruaren zati bat", adierazi du Udal ordezkariak.

Kurtzebarriko jolastokitik atera 

Bidegorriaren zati bat gaur egun Kurtzebarri eskolako jolastoki erditik pasatzen da. Eta lanen beste helburuetako bat da oinezkoen eta bizikleten erreiaren trazatua hortik ateratzea.

Lanok bukatutakoan Arrasatetik Eskoriatzaraino herri barrutik doan bidegorriaren ibilbidea osatuta geratuko dela adierazi du Otxoak: "Obra horiekin Udalak beste pauso bat emango du mugikortasun jasangarriaren alde, beste jarduera batzuen ildotik jarraituz".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak