Estutasunak pasatu arren 2 eta 1 irabazi dio UDAk Amaikak Bat taldeari

Mirari Altube Arrese 2020ko urt. 26a, 20:19

Partidu zaila zuen UDAko Ohorezko Erregionaleko taldeak Amaikak Baten aurka eta indarrak parean egongo zirela jakinik dena ematera atera dira Mikel Larbururen mutilak. Abantailarekin ibili eta gero estutu egin zaien partiduan hiru puntuak eskuratzea lortu dute.

Indartsu zelairatu dira etxekoak eta lehenengo 30 minutuak serio jokatu dituzte, gol aukerak sortuaz. Halaxe, 28. minutuaren bueltan iritsi da Aitor Perezen gola. Horren ondoren, baina, behera egin du taldeak eta orduan sufritzea tokatu zaie atsedenaldira joan arte.

Aitor Perez gola ospatzen taldekideekin.

Bigarren zatiari ere gogotsu ekin diote, eta hamargarren minutu inguruan egin du gola Asier Urzelaik. Txukun jardun dute etxekoek bukaera inguru arte. Orduan, baina, behera egin du taldeak eta 92. minutuan Amaikak Baten gola iritsi da. Handik eta bukatu arte sufritzea tokatu zaie etxekoei, ondo sufritzea; izan ere, epaileak 97. minutura arte luzatu du partidua. Bukaerako emaitza 2 eta 1 eta hiru puntuak etxean.

"Denboraldi hasieran taldeari kosta egin zaio asentatzea baina bagoaz poliki-poliki aurrera. Azken hiru partiduak galdu barik jarraitzen dugu eta hori da bidea gora begiratzeko", adierazi du Mikel Larburu entrenatzaileak. Datorren astean Andoainera joango dira Euskaldunaren aurka jokatzera eta partidu zaila izango dela aurreratu du "puntu beharrean" daudelako haiek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak