Hemezortzi bikote lehiatuko dira frontenisean aste bukaeran

Mirari Altube Arrese 2020ko urt. 23a, 18:14

Gizonezkoen binakako frontenis txapelketa antolatu du UDAk Udalaren laguntzarekin, eta aste bukaeran, zapatuan eta domekan, hemezortzi bikote elkartuko dira Iturrigorri pilotalekuan nor baino nor gehiago. 

"Aurreikusitakoa baino lehenago itxi behar izan dugu izen-emate epea izan duen arrakasta ikusita", adierazi du Oihana Mata UDAko kideak eta gaineratu: " Inoizko kopururik handiena izan da eta asteburu bakarrean jokatu ahal izateko ezohiko antolaketa egin behar izan dugu".

Zapatuan kanporaketa

Zapatuan, kanporaketa partidu bat jokatuko dute hemezortzi bikote horiek, zozketa bidez ateratako bikotearen aurka; 25 tantora izango dira. Bederatzi bikote kanpoan geratuko dira orduan. Domekan, sailkatutako beste bederatziek ligaxka jokatuko dute hiru taldetan banatuta. Horien artetik onenek finalerdiak izango dituzte gero, eta bukatzeko finala. Partidu horiek 18 tantora izango dira. Bai kanporaketa partiduetan eta baita ligaxkakoetan ere, hurrengo partiduko lehenengo bikoteak egin beharko ditu epaile lanak.

Hona hemen antolatzaileek zehaztutako argibideak:

  • Sakean 4tik 4a pasatu beharko da eta 7a "pasa" izango da. "Pasa" eginez gero, berriz ateratzeko aukera egongo da.
  • Larunbatean kanporaketa partiduak jokatuko dira. Hemen galtzen duen bikotea kanpoan geratuko da. Irabazleak aldiz, ligaxkako partiduak jokatuko ditu.
  • Partiduak 25 tantotara izango dira eta epaile lanak hurrengo partiduko lehen bikoteak egin beharko ditu. Beraz, aurreko partidua hasi baino lehen agertu behar da (agertzen ez den epaileak 5 tantoko zigorra izango du hurrengo partiduan).
  • Igandean ligaxkako partiduak 18 tantotara izango dira.
  • Behin ligaxkako partiduak jokatuta, taldeko lehena geratzen denak beste taldeko irabazleen aurka jokatu beharko du. Hiru bikote egongo direnez lehenengo postuan, talde guztietako bigarren sailkatu onenak ere jokatuko du. Hau da, azken faserako hauek sailkatuko dira:
    1. Talde bakoitzean lehenengo postuan geratzen dena.
    2. Talde guztietako bigarren onena.
    2.1 Irabazitako partidu kopurua.
    2.2 Irabazi eta galdutako partiduen arteko aldea.
    2.3 Berdinketa kasuetan, partidu bat jokatuko da 6 tantotara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak