Aratuste-domekako herri-bazkarietako txartelak zapatuan jarriko dituzte salgai

Mirari Altube Arrese 2020ko urt. 22a, 16:29

Kiroldegiko bazkarirako izena emateko Arkupera jo behar da urtarrilaren 25ean, 09:00etan, eta "bazkari golforako" txartelak Kixkor eta Urbaltz tabernetan jarriko dituzte salgai.

Ibarra kiroldegian egingo den bazkarirako txartelak Arkupen izango dituzte 09:00etatik aurrera; kuadrillaka eman beharko da izena. Helduendako menua (18 euro) izango da patatak errioxar erara, txahal masailak (karrilerak) eta gazta flana bainila izozkiarekin (ogia, edaria eta kafea barne). Umeek (13 euro), ostera, makarroiak gazta eta tomatearekin, txahal hanburgesak patatekin eta txokolate pasteltxoak (ogia eta edaria barne) izango dituzte.

Iturrigorri pilotalekuan egingo duten bazkari golforako txartelak ere bihartik izango dira salgai Kixkor eta Urbaltz tabernetan (15 euro). Bazkari horretarako ere kuadrillaka eman beharko da izena, eta orri bat egongo da bi tabernetan (kuadrillaren izena eta kopurua zehazteko); horren arrazoia da mahaiak kuadrillaka banatu ahal izatea.

Menua da patatak txorizoarekin, oilaskoa, postrea eta kafea (aukera beganoa egongo da); bakoitzak bere edaria eroan beharko du (izotza bertan egongo da). Aratuste-domekan, 15:00etan, Mitarte kalean elkartuko dira bazkari horretan izena emandakoak pilotalekura elkarrekin joateko.

Txapel Txin Egunerako txartelak

Aratusteen berri ematera etorriko den Txapel Txin Eguna otsailaren 15ean izango da. Eta, aurten, bazkaltzera gonbidatu ditu herritarrak Txapel Txinek. Mojen komentuan elkartuko dira, eta 150 bat lagunendako paella egingo dute (aukera beganoa ere egongo da) herriko "sukaldari ofizialek". Txartelak dagoeneko salgai dauzkate Kixkor eta Urbaltz tabernetan (10 euro); horiek erosteko azken eguna otsailaren 12a da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak