Berritasun askorekin datoz Aratusteen bueltako ospakizunak

Mirari Altube Arrese 2020ko urt. 17a, 08:09

Txin Txin, Txapel Txin eta AZ Gaubelak taldeko kide Mikel Alberdi iaz, Herriko Plaza girotzen,

Txapel Txinek iragarriko du mozorro festa otsailaren 15ean eta egun osoko jaia egingo dute, bazkari eta guzti aurten; txartelak, dagoeneko salgai dituzte Kixkor eta Urbaltz tabernetan. Aratusteetan, ostera, bi bazkari izango dira: bata kiroldegian eta bestea pilotalekuan, eta txartelak hilaren 25ean jarriko dituzte salgai. 

Behin Gabonak pasatuta, dagoeneko jarri dira Aratusteei begira aretxabaletarrak, eta Karnabalen Lagunak batzordea eta Kultura Saila hasi dira gertatze lanetan. Gaur, egubakoitza, beste bilera bat egingo dute Karnabalen Lagunek udaletxe zaharrean (19:00), kontuak lotzen joateko; ateak zabalik dituzte edonorendako.

Otsailaren 15ean paella-jana

Txapel Txin egunean, otsailaren 15ean, 150 lagunendako bazkaria gertatuko dute komentuan

Urtero legez, Txapel Txinek iragarriko ditu Aratusteak: aurten, otsailaren 15ean. "Egun horri buelta bat ematea pentsatu dugu, urteak aurrera doaz eta beti berdintsua egin izan dugulako", adierazi du Ibai Zangituk, Karnabalen Lagunak taldeko kideak, eta egun osoko jaia antolatu dute. Hala, eguerdi partean, erraldoi txikiekin girotuko dituzte kaleak hainbat umek, gaitariek lagun eginda, eta gero, herri bazkaria egingo dute: "Orain arte, antolatzaileok elkartu izan gara bazkaltzeko egun horretan, baina aurten irekia izango da. Komentuan elkartuko gara eta 150 bat lagunendako lekua egongo da; txartelak asteburuan jarriko ditugu salgai". Paella izango dute menu nagusia, "herriko paella egile ofizialek" gertatuta: Joselu Gonzalez, Iñaki Uribetxebarria eta Jesus Mari Errasti.

Aurten, ostera, ez da izango torrada lehiaketarik, "azken urteetan behera egin duelako parte hartzeak", eta trukean, txapel lehiaketa indartuko dute: "Ea herritarrak animatzen diren txapel originalak janztera!". Txapel Txinen pregoiaren ostean, Orkresta elektrotxarangak girotuko ditu plaza eta kaleak.

Aratusteetan bi herri-bazkari

Aratuste-domekan bigarren bazkari bat izango da aurten, "bazkari golfoagoa", Iturrigorri pilotalekuan

Otsailaren 23an ospatuko den Aratuste-domekan ere bada berritasunik: Ibarra kiroldegian egiten den herri-bazkariaz gain, beste bat egongo da Iturrigorri pilotalekuan. "Bazkari golfoagoa izango dela esan genezake. 300 bat lagunendako lekua egongo da, eta saiatuko gara pilotalekua berotzen, goxo-goxo egoteko", iragarri du Zangituk. Musikak girotuko du bazkalostea: AZ Gaubelak taldeak, hain zuzen ere. Bi bazkarietarako txartelak urtarrilaren 25ean, zapatuan, jarriko dituzte salgai: kiroldegirako lekua hartzeko, betiko legez, Arkupera joan beharko da: pilotalekuko bazkarikoak hainbat tabernatan izango dituzte.

Mozorroak gertatzeko lokala

Mozorroak prestatzeko lokala ere gertu dute dagoeneko. Azken bi urteotan lez, industrialdean dagoen C pabiloia izango da (Basabe jatetxearen atzeko partean), eta hango giltza eskuragai dago Arkupeko harreran.

Mozorroak gertatzen hasteko, lokaleko giltza dagoeneko eska daiteke Arkupeko harreran

Lokalaren erabilera zuzena bermatzeko arauak gogorarazi dituzte. Giltza eskatzerakoan 20 euroko fidantza ordaindu beharko da –giltza bueltatzean itzultzeko–, eta erabiltzaileek hainbat konpromiso hartuko dituzte. Hona hemen garrantzitsuenetako batzuk: talde bakoitzak arduradun bat izango du, konpromiso dokumentua sinatuko du horrek, eta berea izango da taldekideek egiten dutenaren erantzukizuna. Adin txikikoen kasuan, ardura heldu batek izango du eta hark sinatuko du konpromiso dokumentua; gainera, lokalean bertan egon beharko du gaztetxoekin. Talde bakoitzak bere tresnak eta materiala eramango ditu, eta lan jarduna bukatzean garbi eta txukun utzi beharko du guztia; eta gauez ezingo da erabili lokala. Martxoaren 13rako giltzak bueltatu beharko dira Arkupera, lokala txukundu ostean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak