Pozoalbense taldeak fitxatu du Oihana Aldai

Imanol Beloki Unamuno 2020ko urt. 16a, 12:54
Oihana Aldai futbol jokalari aretxabaletarra, Pozoalbense taldearekin kontratua sinatu ondoren.

Aldaketa baten beharra ikusita, Aretxabaletako atezainak Eibar taldea utzi eta Kordobako Pozoalbense taldean hasi du etapa berria. Jokatzeko irrikaz dago, baina badaki gogor entrenatu beharko duela titular izan gura badu.

Kordobako Pozoalbense taldeak fitxatu berri du Oihana Aldai atezain aretxabaletarra. Eibarrekin kontratua amaitu ondoren, etapa berri bati ekin dio Realeko jokalari ohiak, etxetik urrun, baina bere esperientzia taldeari erantsi guran eta, era berean, sentsazio onak berrartzeko asmoz.

Reto Iberdrolako ligan, bigarren mailan, hegoaldeko multzoan dagoen taldea da Pozoalbense, eta, taldeko atezain titularra lesionatuta, jokatzeko aukerak izango dituelakoan eman du pausoa Aldaik. Hala ere, badaki gogor entrenatu beharko duela talde andaluziarrean titular izan gura badu.

Aldaketa beharra

Eibarren denboraldi gazi-gozoa izan ostean, Kordobara iritsi berri, Pozoblanco herrira ohitzen ari da egunotan Aldai. Andaluziako taldera joateko erabakia hartzea erraza izan ez den arren, aldaketa beharra zuela adierazi du aretxabaletarrak: "Eibarren ez nintzen ari oso gustura, eta aldaketa baten beharra nuen. Klubarekin hitz egin eta uzteko asmoa nuela adierazi nienean, kontaktuan jarri zen nirekin Kordobako taldea, eta, eskaintza iristean ondo baloratuta, erabakia hartu nuen".

Jokatzeko gogoz

Pasa den astean egin zion fitxa Pozoalbense taldeak, eta entrenatzen hasi da dagoeneko. Hurrengo jardunaldia etxean jokatuko dute, asteburuan, sailkapenean azkenengo postuan dagoen Tacuense taldearen aurka, eta jokatzeko gogoz dago: "Zenbait entrenamendu eginda, domekan minutu batzuk jokatzea ondo egongo litzateke. Hala ere, Tacuense azkenengo postuan dagoen arren, maila honetan ezin zara fidatu zein postutan dagoen aurkaria… edozer gerta liteke".

Debagoieneko Kirol Sariak

Oihana Aldaik Aretxabaletako Udalaren saria jasoko du urtarrilaren 28an egingo den DKS ekitaldian. Horrekin batera, Herritarren Sarirako hamar hautagaietako bat da, eta "ilusionatuta" eta "eskertuta" agertu da albistearekin. "Sorpresaz jaso nuen Herritarren Sarirako hautagaia izatea, eta gero, Udalarena jakinda, ez nuen espero, eta errekonozimendu hori izatea ederra da…".

Horrekin batera, Donostiako Urrezko Danborra Realeko emakumeek jasoko dute, urtarrilaren 20an, astelehenean. Hala, Realarekin Erreginaren Kopa irabazi zuenez, Oihana Aldai ere bertan izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak