Zinema-zaleen iritzia ezagutu nahian filmen ordutegiaren gaineko galdeketa egin zien Kultura Sailak ikusleei abenduan. Izan ere, azaroaz geroztik zapatuetan 22:00etan beharrean 19:30ean ematen dituzte pelikulak Arkupen, "herritar ugarik hala eskatuta". Aldaketa hori begi onez hartu dutela ikusleek adierazi dute orain Udal ordezkariek.
Udalak mugikorrerako sortutako aplikazioaren eta Arkupera joandako ikusleen artean egin zen galdeketa. Eta jasotako emaitzak honakoak izan dira: Aplikazioaren bidez erantzundakoen artean %61,54 aldaketaren alde agertu da; %7,69 kontra; eta %30,77k zuri bozkatu du. Arkupen jasotako bozketaren emaitza ildo beretik joan da: 142 lagunek alde bozkatu dute, 34k kontra eta bik zuri.
Emaitza horiek kontuan hartuta eta probako lehen hilabetea pasatuta, zapatutako 22:00etako saioa behin betiko kenduko dute, eta haren ordez, 19:30ean eskainiko da. Gainontzeko egunetan ez dago aldaketarik.
Aste bukaeran Intemperie eta Frozen II
Asteburuan –egubakoitza, 22:00; zapatua eta domeka, 19:30; eta astelehena, 16:00– Intemperie filma (Espainia, 2019, 103 min.) izango dute helduek eta umeek Frozen II animaziozko filma bi asteburutan –zapatu eta domeka, 17:00–.