Sari banaketa ekitaldia egin dute gaur, abenduak 28, Arkupen, eta han elkartu dira antolatzaileak, Idazle Eskolako kide diren Tere Irastortza eta Itziar Gomez eta Udal ordezkariak, Ainhoa Cabero Kultura zinegotzia, besteak beste. Epaimahaia osatu dute Iñaki Zubeldiak, Pako Aristik, Itziar Gomezek eta Tere Irastortzak, eta lanen maila dotorea nabarmendu dute: "Oso pozik gaude aurkeztutako gehienak direlako lan txukunak eta argitaragarriak".
Erabakia aho batez hartu zutela ere jakinarazi dute, hau da, Mikel Gartziarena donostiarraren Harrak lanari ematea saria: "Gozamena izan da irakurtzea. Txukun idatzia da, euskara maila bikainarekin, tentsioa mantentzen du uneoro... Benetan aipagarria". Gartziarenak 2.500 euroko saria jaso du eta lana, idazten.com webgunean argitaratuko dute. Era berean, Idazle Eskolan debalde parte hartzeko aukera eskaini diote.
Bi aipamen
Hain lan onak izanik aurkeztutakoak bi aipamen banatzea erabaki du epaimahaiak. Bata izan da Gasteizko Andrea Losada Gareterendako Itxarongelan lanagatik; eta bestea, Idiazabalgo Amaia Telleria Mujikarendako Elur gorrituaren egunak lanagatik.
Sarituek lanen zati bana irakurri dituzte ekitaldian (Andrea Losadak ez du Arkupen egoterik izan, eta Itziar Gomezek irakurri du). Karmele Igartuaren senideak eta lagunak batu dituen ekitaldi xume baina goxoa bukatzeko, Igartuaren beraren poemak errezitatu dituzte antolatzaileek zein idazleek.
Amaia Telleria idiazabaldarra Karmele Igartuaren poesia bat irakurtzen.