'Kurtzebarritik plazara!' leloarekin presoen aldeko ekimenak abenduaren 31n

Mirari Altube Arrese 2019ko abe. 29a, 14:00

Abenduaren 31rako Kurtzebarri mendira joateko dei egin dute; 11:00etan elkartuko dira tontorrean argazkia ateratzeko. Eta iluntzean (19:00) Herriko Plazan elkartuko dira.

Orain presoak, Gari Atxabaltara izenarekin Aretxabaletako Sarek azaroan abian jarritako ekimenaren lehen urratsak datoz orain. Herriko mendizale elkarteetako kideekin elkarlanean, Kurtzebarritik plazara! leloaren baitako ekitaldiak antolatu dituzte abenduaren 31rako. "Zaraia eta Murrukixo taldeetara jo genuen gure proposamenarekin, eta begi onez hartu zuten", adierazi dute Sareko kideek.

Azken urteotan egindako lez, Kurtzebarri mendira joateko dei egin dute; 11:00etan elkartuko dira tontorrean, eta argazki erraldoia atera –eguraldi txarra eginez gero, 12:00etan Mendiola auzoko elizpean aterako dute argazkia–. "Mendizale guztiak animatu gura ditugu bat egitera".

Ondoren, iluntzean (19:00), Herriko Plazan elkartuko dira. "Mendira joaterik ez dutenek ere bat egin dezakete ekimenarekin. Eta herritar guztiak animatzen ditugu horretara", diote Sarekoek. Orduan, 564 abestia kantatuko dutela Kepa Errasti aktorearekin batera iragarri dute.

Egindako harrerarekin "pozik"

Azaroan dinamikari hasiera emateko egindako agerraldi jendetsuarekin pozik agertu dira: "Asko elkartu ginen eta gustura gaude, nahiz eta hutsune bat edo beste izan genuen. Hala ere, eremu askotakoak gerturatu ziren eta herrian sare bihurtzen hasi garela uste dut. Erakundeekin harremanetan ere bagaude, eta etorriko dira pauso gehiago".

Urtarrilaren 11n, Bilbon

Hurrengo hitzordua Bilbon egingo den manifestazioa izango da, urtarrilaren 11n. Autobusak antolatuko dituzte eta txartelak hainbat tabernatan izango dira salgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak