Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak kudeatzen duen zerbitzua da Beti on eta Artolazabalek adierazi zuen telelaguntzak –botoi gorridun alarma-domina– dagoeneko 55.000 onuradun (%85 emakumeak eta %15 gizonak) dituela Euskal Autonomi Erkidegoan. Eta gaineratu zuen adinekoek eta horien familiek ondoen balioesten duten zerbitzuetako bat dela.
2020ari begira hobekuntzak izango dituela zerbitzu horrek iragarri zuten atzo egindako bisitan. Horien artean dago Aretxabaletan zerbitzuaren zentro logistiko berria irekitzea; horren helburua da, "Gipuzkoako erdiguneko udalerriei eraginkortasun handiagoz eta azkarrago emateko arreta".