Joan den aste bukaeran egindako Neguko Azokak eta egunotan izandako emanaldiek –musika eskolakoen kontzertuak, esaterako– Gabon giroan murgildu dituzte herritarrak. Horri jarraika, hainbat kontzertu eta ekitaldi izango dira egunotan.
Gabon giroko kontzertuak
Lehen kontzertua domekan izango da (19:00). Jose Luis Franzesenak joko du organoa parrokian, eta haren alboan kantuan egingo dute Aretxabaleta Abesbatzako lau kidek: Jokin Bengoa, Mari Karmen Etxeandia, Ciriaco Sandoval eta Mariatxen Urkia.
Aretxabaleta Abesbatzak ere ez du hutsik egingo egunotan; abenduaren 29an eskainiko du Gabonetako kontzertua, parrokian (19:00). Oraingoan ere Franzesena izango dute lagun organoan, baita Etxebeste ere, eta, besteak beste, abestuko dituzte Ave Maria, Alleluia eta Oh holly night. Leizarra musika eskolako haur abesbatza ere gerturatuko da hainbat kantu abesteko.
Eta abenduaren 26an, eguenean, herrirako bidea ondo baino hobeto ezagutzen duen The Upper Room gospel talde gipuzkoarra izango da Arkupen (20:00).
Bertso saioa, ostera, urtarrilean izango da aurten: hilaren 3an (19:00), hain zuzen ere. Andoni Egaña, Onintza Enbeita, Miren Artetxe eta Igor Elortza bertsolariak etorriko dira Amaia Agirrek jarritako gaiekin kantuan egitera. Sarrerak astelehenean jarriko dituzte salgai, Arkupen.
Ohiko desfileak
Barruan ez ezik, kaleetan ere Gabon kantuak nagusituko dira hilaren 24an. Herriko umeak, gurasoak eta Basotxoko kantu taldea kale bazterrak girotzen izango dira txistulariekin batera; 10:30ean abiatuko dira, Herriko Plazatik, eta bertan bukatuko dute. Antolatzaileek gomendatu diete herritarrei kantuak bukatu arte ez botatzeko bolorik.
Eguerdian, Olentzero eta Mari Domingi iritsiko dira Herriko Plazara umeen gutunak jasotzera. Iluntzean itzuliko dira horiek, eta ohiko desfilea egingo dute kiroldegitik plazaraino (18:30).
Ez da izango egunotako desfile bakarra: abenduaren 31n, Bizarzuri iritsiko da eta urtarrilaren 5ean Errege magoak. Musika eskolako musikariak eta herriko gurasoak izango dituzte lagun horiek.
Urteari agurra, lasterka
Urtea kirola eginez eta umore ona lagun bukatuko dute herritarrek aurten ere San Silvestre lasterketari esker. Udalak, UDAk, Aretxartek eta Basotxok elkarlanean antolatuta, 16:45ean hasiko da umeen krosa eta 17:00etan helduena, Durana kalean –izena bertan eman ahal izango da–.
Haurrendako parkea
Urtarrilaren 2an eta 3an, Gabonetako haur parkea izango dute umeek Ibarra kiroldegian (11:00- 13:00 eta 17:00-20:00). 3 eta 12 urte bitartekoendako jolasak izango dira han: puzgarriak, tailerrak eta bideo-jolasak, besteak beste. Egun bakarreko sarrera 6 euro izango da eta bi egunekoa, 10 euro; familia ugarien txartela aurkeztuz gero, hirugarren umeak debalde izango du.