Errefuxiatuek Grezian bizi duten egoeraren berri eman du Izaskun Arriaranek

Mirari Altube Arrese 2019ko abe. 19a, 16:03

Aita Mari ontzian oraintsu arte izan den Izaskun Arriaran aramaioarrak errefuxiatuen egoera gogorraren berri eman du, eta UDAk eta Zaporeakek ekindako elkartasun kanpainarekin bat egin. Elikagaiak jasotzeko kanpaina urtarrilaren 2a arte luzatu dute.

 

Greziako Lesbos uhartean dauden errefuxiatuak gogoan UDA eta Zaporeak elkarteek abiarazitako elkartasun kanpaina aurrera doa. Haien egoeraren eta bizimoduaren berri gertutik ezagutzeko asmoarekin Varados filma eman zuten eguaztenean Arkupen, eta ondoren, Izaskun Arriaran, Aita Mari ontziko erizain boluntarioak, azalpenak eman zizkien gerturatutakoei.

Negu "gogorra" 

Afrikatik zein Asiatik iritsitako errefuxiatuak bizi dira Grezian, besteak beste, siriarrak, libiarrak, kamerundarrak, irandarrak eta afganiarrak. Aita Mari ontziak 79 lagunekin osatutako ontzi bat erreskatatu zuen azken irteeran: "Egun intentsuak izan ziren haiekin bizitakoak ontzian. Eta gehien harritu nauena izan da gaur egun oraindik zelan sufri dezaketen hainbeste pertsonek. Libian gertatzen dabilena sinestezina da; erreskatatutako gizon guztiak tratu txarrak jasandakoak ziren, eta emakumeak, bortxatu egiten dituzte. Ez dute inondik inora itzuli gura, nahiago dute hil, eta horregatik bidaian asko arriskatzen dute", eta gaineratu zuen: "Baina Greziara iritsi arren, oraindik ez dira Europan sartu. Errefuxiatuen kanpamentuetara bidaltzen dituzte eta kasu bakoitza banan-banan aztertu gura dutela esan".

Kanpamentuetan bizi duten egoera ere oso zaila dela azaldu zuen. "Okerrera egin du, asko. 16.000 lagun daude, asko kanpoan lotan, egunean behin janda, arropa barik, esperantza barik, galduta… Negua oso gogorra izango da, ez dakit zer gertatuko den". Horregatik, Zaporeak egiten dabilen lana babestea –jatekoa gertatu sukaldetan– garrantzitsua dela aipatu zuen.

Elikagaiak urtarrilaren 2a arte 

Zaporeakek kudeatutako sukaldeetara bidaltzeko elikagai bilketa egiten dabil UDA egunotan. Hondatuko ez diren elikagaiak jasotzen dabiltza –pasta, dilistak, lekaleak…– Ibarra futbol zelaian, arratsaldetan. Urtarrilaren 2a arte luzatuko dutela kanpaina hori jakinarazi dute.

Bestetik, domekan, Ohorezko Erregional mailako taldeak Mutrikuren aurka jokatuko duen partiduko sarrera ikusle guztiek ordaindu beharko dute –5 euro–, eta diru hori ere, Zaporeak elkartearendako izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak