Lau emendakin egingo dizkie aurrekontuei EH Bilduk

Mirari Altube Arrese 2019ko abe. 13a, 16:12

Udal aurrekontuak onartzear direla, oposizioko taldeak proposatu du partidak zehaztea, besteak beste, eguzkia aprobetxatzeko plakak jartzeko, bizikletendako aparkalekua egokitzeko eta gazteen emantzipaziorako etxebizitza programa bat garatzeko.

Datorren urteko aurrekontuak onartzeko osoko bilkura egingo dute hurrengo eguenean, abenduaren 19an, eta aurrekontu horien berri eman zuen Udal Gobernuak joan den astean, baita proiektu eta partida garrantzitsuenak aurkeztu ere. Behin horiek aztertuta, EH Bilduko zinegotziek iragarri dute hainbat emendakin aurkeztuko dizkietela aurrekontu horiei. Hiru multzotan batu dituzte, alor ezberdinei helduta.

Kiroldegian plaka fotovoltaikoak

Batetik, klima larrialdiari heldu gura izan diote, eta hor, proposatu dute eguzkia aprobetxatzeko plaka fotovoltaikoak ipintzea Ibarra kiroldegian. "50 kilowatteko instalazioa jartzea kiroldegiko teilatuan, hain zuzen ere. Horren kostua 60.000 euro inguru izango litzateke, eta Energiaren Euskal Erakundeak emango lukeen dirulaguntza, ostera, 13.700 eurokoa; horrenbestez, guztira, 46.250 euro izango litzateke gastua", adierazi dute.

Bizikletendako aparkalekua

Bigarren multzoan, mugikortasun jasangarria batu dute eta bi proposamen egin dituzte. Durana kalean dagoen pasabidean bizikletak aparkatzeko lekua jartzea, batetik: "Pasabide horretan dagoen udalaren biltegian jarriko genuke hori. Horretarako, 12.000 euroko partida sortzea proposatu dugu". Proiektu horren ezaugarriak zeintzuk izango liratekeen ere adierazi dute: 25 leku helduen bizikletendako eta beste horrenbeste umeenak gordetzeko; bizikleta elektrikoak kargatzeko sistemak; eta tailer txiki bat. "Segurtasun neurriak ere jarriko genituzke hori zaintzeko. Era berean, kudeatzeko proposatzen dugu sarbidea txartel bidez izatea eta urteko kuota bat ezartzea".

Multzo horren barruko bigarren proposamena da Almen ikastetxera dagoen errepidean bidegorria egitea. "Gaur egungo bidegorria, Eskoriatzarantz doana, eta ikastetxea lotuko lituzkeen bidegorri zati bat gura dugu, errepidearen alboan, ikastetxeak berak eskatu duen moduan. Horretarako, dagokion partida sortzea proposatzen dugu 100.000 eurorekin".

Etxebizitza programa

Hirugarren multzoan, etxebizitzen iraunkortasuna hartu dute kontuan, eta proposatu dute ondasun higiezinen zergaren (OHZ) errekargutik Udalak jasotzen dituen 34.549 euroak etxebizitza hutsen promoziorako erabiltzea; bereziki, gazteei begira: "Gazteentzako emantzipaziorako etxebizitza programa sortzea da asmoa, eta Durana kalean eta Bedarretako San Migel auzoan dituen etxebizitzak txukuntzea eta gazteen alokairu programaren esku uztea". Horretarako, 35.000 euroko partida sortzea proposatu dio Udal Gobernuari.

Finantzaketa moduak

Guztira 207.000 euroko proposamena egin dutela jakinarazi dute EH Bilduko zinegotziek, eta hori zelan finantzatu ere aipatu dute: "Horretarako, zati bat beste partida batzuetatik hartuta finantzatuko litzateke. Beste zatia, ostera, kredituen bitartez jarriko genuke aurrekontu proiektuan, baina gero, aurrekontuaren soberakinetatik finantzatzea proposatuko dugu, unea ailegatzen denean. Horretarako dirurik izango dela uste dugu".

Hori guztia negoziatzen dihardutela bi alderdiak azken asteotan onartu dute EH Bilduko kideek, eta adierazi dute 2020ko aurrekontuak baloratzeko unea abenduaren 19ko osoko bilkura izango dela, aurkezten den egunean bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak