Kultura arteko bazkaria egingo dute abenduaren 15ean

Mirari Altube Arrese 2019ko abe. 5a, 08:30
Ekainean egindako Auzoko jaien baitan hainbat lagun jatekoa probatzen Herriko Plazan.

Jatorri ezberdinetako herritarrak mojen komentuan elkartuko dira hurrengo domekan, hilaren 15ean. Kultura arteko topaketa izan gura duen bazkarira herritar guztiak gonbidatu gura dituzte; horretarako, aurrez eman behar da izena. 

Kultura ezberdinen arteko topaketa egingo dute mahaiaren bueltan abenduaren 15ean, domekan, mojen komentu zaharrean. Auzoko egitasmoko kideek bideratu dute ekimena eta herritar guztiak gonbidatu gura dituzte. Horretarako, aurrez eman behar da izena; hona hemen bideak: auzoko.loramendielkartea@gmail.com eta telefonoz: 943 77 09 70 eta 685 75 67 29 eta 688 62 37 18; azken eguna da astelehena, abenduaren 9a. Eta izena ematerakoan jakinarazi behar da bazkaltzera joango diren lagun kopurua –helduak eta umeak– eta jateko zer eramango den. Nork bere herriko janaririk gustukoena eramatea gomendatu dute antolatzaileek.

Muru Alde elkartetik komentura

SOS Arrazakeriak antolatzen duen Bizilagunak egitasmoaren bueltan sortu da kontua. "Ekimen horren ardatza da jatorri ezberdinetako lagunak bazkaltzeko elkartzea, eta guk pentsatu genuen etxeetan elkartu beharrean gastronomi elkarte batean bazkaltzea. Orain dela sei urte egin genuen lehenengoz, eta ordutik urtero elkartzen gara Muru Alden. Elkartea, baina txiki geratu zaigu, eta aurten, komentura etortzeko baimena eskatu dugu", adierazi du Auzoko egitasmoko eta Gu Haziak Gara elkarteko kide den Paloma Martinezek: "Orain leku asko dago eta gonbidapena herritar guztiei zabaltzea pentsatu dugu".

Egitaraua

Eguerdian (13:00) elkartuko dira komentuan elkar ezagutu eta kontu-kontari jarduteko. Eroandako jakiak jango dituzte gero (14:30); eta bazkalostean (16:00), Habibi maitea abestuko dute Basotxoko kantu taldeko kideekin batera. Bukatzeko, erretiratuek euskal dantza bat eskainiko dute, eta ondoren, gainerakoendako tartea zabalduko da: "Oso giro polita sortzen da, guztiek egin gura izaten diotelako keinu bat euren kulturari".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak