Hamar milioi euro pasatxoko aurrekontua proposatu du Udal gobernuak 2020rako

Mirari Altube Arrese 2019ko abe. 4a, 16:35
Aretxabaletako Udal gobernua.

Udal Gobernuak zehaztu ditu 2020rako diru-kontuak eta asmoa du abenduaren 19ko osoko bilkuran onartzea; dagoeneko EH Bilduri ere aurkeztu dio. Iazkoa baino zertxobait handiagoa da eta inbertsioek %31,5 egingo dute gora.

Proposatutako aurrekontua da 10.093.788 eurokoa –iazkoa baino 87.000 euro gehiago–, eta inbertsioek %31,5 egingo dute gora; guztira, 866.900 euro bideratuko dituzte "agintaldiko proiektu estrategikoei bidea irekitzeko".

Diru sarrerei dagokienez, Udal Finantzaketarako Foru Funtsetik etorriko den diru aurreikuspena "ona" da, 5.069.625 euro jasotzea espero dutelako, 2019an baino 165.000 euro inguru gehiago. "Hala ere aurrekontuak zuhurtziaz egin ditugu eta errealistak dira, ildo estrategikoei bide ematen dietenak, diru sarreren eta gastuen arteko orekari eutsiz", nabarmendu du Unai Elkoro alkateak eta gaineratu aurten diru kopuru garrantzitsua aurreztu dela: "2018ko gerakinetik 344.156 euroko kredituak batu dira, hortaz, 1.428.800 euro aurreztu dira inbertsiotarako".

Komentuaren lanak 2020an

Agintaldiko proiektu estrategikoetako bat den komentu zaharrean egokituko den adinekoendako gizarte zentroaren proiektuari helduko diote. "Aretxabaletako biztanleen %23k 65 urtetik gora ditu, eta hamarkada batean biztanleriaren herena izango da", adierazi du Gizarte Zerbitzutako zinegotzi Karmele Uribarrik. Proiektuaren idazketa lizitaziora aterako dute laster –2019ko aurrekontuen kontura–, eta lanen lehen faseari 2020an ekingo diote. Milioi bat euro aurreikusi dituzte horretarako; 450.000 euro 2020ko aurrekontuan sartuko dute eta gainerakoa, 2019ko gerakinarekin ordaindu.

Lehen faseari dagozkion lanak, eraikinaren beheko solairukoak, datorren urtean egingo dira; han kokatuko dituzte Basotxo erretiratuen elkartearen egoitza eta eguneko zentroa, eta kapera zaharrean kultur aretoa.

Bestetik, esku-hartze psikosozialera 70.000 euro bideratuko dituzte egoera babesgabean dauden adin-txikikoei eta gizarte bazterketa egoeran dauden helduei ematen diete zerbitzua indartzeko. Era berean, animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen ordenantza berria lantzen dabilela udala aurreratu du Uribarrik, eta txakurrendako gune libre bat egokitzeko asmoa dute Txarapean –8.000 euro–.

Santa Kurtz kaleko saneamendu lanak

Hirigintza arloari dagokionez proiekturik garrantzitsuenetakoa da Santa Kurtz kaleko eta inguruetako Hornidura eta Saneamendu Plan Berezia, Xabi Otxoa zinegotziak azaldu duenez: "2008an idatzitako proiektua berrikusiko da lurzoruaren akabera berriz diseinatzeko eta irisgarritasun kontu batzuk hobetzeko". Lanak 2020ko bigarren seihilekoan hastea da asmoa.

Horrez gain, komentuaren ingurua hobetzeko proiektua idatziko dute –30.000 euro–: horma egokitu eta bidegorriarekin lotzeko pasabide bat jarri. Bedarretako San Migel auzoan irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dituzte –25.0000 euro– eta oinezkoen pasabideak argiztatuko dituzte bide-segurtasuna hobetzeko –20.0000 euro–.

Euskal jaietako ikuskizuna

Kultura saileko nobedade aipagarrietako bat da Sanmigelen bueltan euskal jaietako ikuskizuna berreskuratu gura izatea –10.000 euro– Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak aurreratu duenez: "Azken ikuskizuna ezkontza bat izan zen, eta dagoeneko 30 urte pasatu dira hura egin zenetik". Bestetik, kuarteleko patioan hainbat egokitzapen egingo dituzte –10.000 euro–. Eta nerabeekin egindako parte-hartze prozesuan jasotako ekarpenak bideratzeko asmoa ere agertu du –10.000 euro–.

Aldagelak futbol zelai berrian

Euskararen Plan Estrategikoaren barruan UDArekin lan egingo duela "euskararen erabilera sustatzeko" jakinarazi du Koldo Zubillaga zinegotziak: "Gazteendako erreferente da kirola eta gazteak euskarara ekarri gura dira kirolak zubi lanak eginda". Bestetik, merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabileraren gaineko diagnosia egingo dutela aurreratu du.

Kirolari dagokionez, futbol zelai berriarendako aldagela aurrefabrikatuen bi modulu jarriko dituzte –30.000 euro–. Ibarra futbol zelaia, ostera, led luminariekin argiztatuko dute –70.000 euro–: "Energia kontsumo murrizketak bost urtetan inbertsioa amortizatzea ahalbidetuko du". Eta trialsin gunea egoki argiztatzeko partida bat ere sartu dute –18.000 euro–. Gainera, kiroldegiko fitness gela handitzeko asmoa agertu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak