Santa Kurtz kaleko saneamendu lanak 2020an egingo dituzte

Mirari Altube Arrese 2019ko aza. 28a, 10:55

Santa Kurtz kaleko eta inguruko Hornidura eta Saneamenduko Plan Berezia datorren urtean exekutatuko duela adierazi du Udalak. Lan horren helburua da kaleko eta bere inguruetako zerbitzuak, zoladurak eta irisgarritasuna hobetzea.

Gobernu Batzordeak atzo eman zion oniritzia 2008an idatzitako proiektuaren aldaketaren esleipenari, kalearen lurzoruaren akabera berriz diseinatzeko eta obrak berekin ekarriko duen inbertsioaren kostua eguneratzeko asmoarekin.

Kurtzebarri eskolaren bukaeratik kuartel zaharraren alboko biribilgunera arteko zatiari eragingo dio proiektuak, Santa Kurtz kalearekiko perpendikularrak diren kaletxo eta bazter guztiak barne. "Hobetu beharreko alderdi batzuk" zeuden jatorrizko proiektuan eta horri heldu diote. Alde batetik, irisgarritasun unibertsala betetzeari dagozkionak, eta, bestetik, hainbat aparkaleku kentzen ziren gaur egun aparkatzeko arazoak egon ohi diren gune batean. "Gure lehentasuna oinezkoei ibilbide irisgarri, seguru eta jasangarria bermatzea da. Hori ahaztu gabe, azken akabera berriz diseinatuko da, ahal den neurrian egungo aparkaleku kopurua mantenduz", azaldu du Hirigintza zinegotzi den Xabi Otxoak.

Gaineratu du herritarrei azalduko dizkietela Santa Kurtz kalea eta bere ingurua eraberritzeko aztertuko diren alternatiba ezberdinak, "auzoa berritzeko prozesuan partaide" izan daitezen: "Horrela, aretxabaletarrek iritzia emateko eta egokitzat jotzen dituzten hobekuntzak proposatzeko aukera izango dute, diseinatutako aukera teknikoetan oinarrituta".

Azpiegitura sareak ordezkatu eta irisgarritasuna hobetu

Behin betiko proiektua udaberriaren hasierarako prest egotea aurreikusten dute, "lanak 2020ko bigarren seihilekoan hasteko". Hornidura eta Saneamendu Plan Berezi horren baitan egingo diren lanak izango dira: azpiegitura-sare guztiak ordezkatu, hala nola ur-hornidura eta euri-uren eta ur beltzen saneamendua, energia elektrikoaren sarea (aireko lineak lurperatu), argiteria publikoarena eta telekomunikazioena.

Era berean, irisgarritasuna hobetuko da, kalearen egungo egitura mantenduta, hau da, galtzadak eta espaloiak bereizita. Oinezkoentzako sarbideetan eta motordun trafikorako bidean zoladura berrituko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak