Ibai alboko pasealekua bukatzeko lanak, hastear

Mirari Altube Arrese 2019ko aza. 1a, 16:58

Bergarako Artzamendi Construcciones enpresari esleitu dio obra Udalak, eta orain, hilabeteko epea du abiarazteko; laugarrenez egin dute deialdia eta, ondo bidean, 2020ko udaberrirako zabalik egongo da Deba ibai ertzeko bidea.

Irailean laugarren deialdia egin zuen Udalak Deba ibaiaren ezkerraldeko ertzeko pasealekuaren lanak esleitzeko. Uste baino buruhauste handiagoa eman diote lan horiek, eta oraingoan, behin betiko esleipena izatea gurako lukete.

Bi enpresa aurkeztu ziren azken deialdira, eta Bergarako Artzamendi Construccionesi eman diote lanen ardura; aurrekontua zen 229.207 euro (BEZ barik) eta esleipena, 238.435 euro. Orain, hilabeteko epea dute Artzamendikoek behar diren tramitazioak egin eta lanak hasteko. Abenduarekin batera hasita izango dira eta, ondo bidean, lau hilabeteren bueltan bukatuko dituzte kiroldegiarekin bat egingo duen pasealeku zati hori.

62 metroko tartea

Lan horien helburua da Deba ibaiaren alboko pasealekua Ibarra kiroldegiraino iristea, eta hala, herriaren sarreratik Markole auzorainoko ibilbidea izatea oinezkoendako zein bizikletendako.

Egiteko dagoen zatiak 62 metroko luzera du. Eta pasealekua luzatzearekin batera, aireko argindar sarearen lurperatze lanak ere bukatuko dituzte. Gune horretan lurzoruak dituen baldintzak ez direla errazak adierazi zuen Unai Elkoro alkateak bere garaian. Horren arrazoia da ibai ertzean landare trinkoak egotea eta goiko partean drainatze lanak egin beharra. Arazo horiek konpontzeko, erreka aldean horma bat egitea aurreikusi zen proiektuan, baita indusketa lanak ere mendira ematen duen aldean.

Laugarren deialdia

Obra hori bukatzeko Udalak egin duen laugarren deialdia da. Lehenengoan, Construcciones Legasko SL enpresari esleitu zion, baina lanean hasi eta hilabete pasatxora bertan behera utzi zuen obra, eta Udala kontratua eten beharrean izan zen. Bigarren deialdira enpresa bakarra aurkeztu zen eta, eskatutako baldintzak ez zituenez betetzen, hutsik utzi zuten; baita hirugarrena ere, ez zelako inor aurkeztu. Laugarren honekin lanok behin betiko bukatuko dituztelakoan daude udal arduradunak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak