Eroskiren irekiera kontuak ez direla ondo egin dio EH Bilduk

Mirari Altube Arrese 2019ko urr. 30a, 12:09

Dokumentazio faltagatik Hirigintza-buruak supermerkatuaren itxiera proposatzen duen txostena egin zuela azaldu du Unai Elkoro alkateak, Eroskik "dokumentazioa lehenbailehen entrega dezan".

Eroskik ateak zabaldu eta astebete beranduago supermerkatua ixteko agindua eman zuela alkateak diote EH Bilduko kideek. Erabaki hori hartzeko arrazoia hirigintza teknikariak egindako txostenean dagoela azaldu dute.

Txostena urriaren 17an, ireki zen egunean bertan, egin zela diote EH Bilduko ordezkariek eta itxiera eskatzeko arrazoiak zeintzuk diren aipatu dituzte: dokumentazio falta –bulegoa botatzearen gaineko obra bukaera, supermerkatuaren auto-babes plana, eraikinaren obraren bukaeraren dokumentazioa…–; egiturak eusteko duen gaitasunaren gaineko txosten teknikoa entregatu ez izana –goiko aparkalekuk gainkarga eusteko duen gaitasuna ziurtatzen duena–; eta inguruko urbanizatze-lanak bukatu barik egotea –zebrabideak, espaloiak…–.

EH Bildu pozik agertu da Eroski kooperatibaren proiektuarekin "gure herrian aurrera egin ahal izan duelako, bide batez lanpostu gehiago sortuz". Hala ere, kontuak ez direla ongi egin diote EH Bildukoek, eta hori "ixtea inork ez badu gura ere", sortutako segurtasun falta ezin dela onartu gaineratu dute, "bai langileekiko, bai Eroskirekiko". Arduragabekeriarekin eta ausarkeriarekin kudeatu dela kontua uste dute: "Zelan onartu daiteke zabaltzea egoera horrela zegoela jakinda? Aldez aurretik zentzu eta zuhurtasun gehiagorekin jokatzea bota dugu faltan".

"Dokumentazio gehiena" aurkeztuta

Unai Elkoro alkateak argitu gura izan du dokumentazio faltagatik egin zuela Udaleko Hirigintza buruak ixtea proposatzen zuen txostena. "Horren helburua izan da dokumentazioa lehenbailehen aurkeztera bultzatzea", eta gaineratu du: "Eroskiko arduradunak jakinean izan dira uneoro, eta gaur bertan aurkeztu da eskatutako dokumentazio gehiena; beraz, bere helburua bete du".

Era berean, zera argitu gura izan du: "Dokumentazioa ez aurkezteak ez du esan nahi karga frogak egin ez direnik; egin egin dira, eta bete ere betetzen dituzte bete beharreko kargak".

Beste "edozein jarduerari dagokion bezala" dokumentazio guztia aurkezteko denbora beharko duela Eroskik gaineratu du Elkorok: "Hein handi batean, gainera, administrazioaren geldotasuna da horren errudun nagusia". Horregatik, txostenak zabalik jarraitzen duela adierazi du: "Eta egin beharreko tramite guztiak amaitzean izango du bere behin betiko baimena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak