Iban Urreta: "Potentziala dagoenean atera egin behar dugu"

Imanol Beloki Unamuno 2019ko urr. 25a, 10:03

Iban Urreta, pintura eskolako irakaslea saio batean.

Iban Urreta aretxabaletarra da pintura eskolak emateko Aretxabaletako Kultura Sailak kontratatu berri duen irakaslea. Haurrei, gazteei, eta helduei hasi da irakasten, eta diseinu eta eskulan teknika ugari eskaintzeko gogoz agertu da.

Zenbait urtez Ainhoa Cabero –Kultura zinegotzia– aritu da pintura eskolak ematen Arkupen, baina irakasle berria kontratatu du Aretxabaletako Kultura Sailak pintura eskolak emateko. Hain zuzen ere, Iban Urreta 25 urteko gazte aretxabaletarrak hartu dio erreleboa, eta hilaren hasiera ezkero gogotsu ari da dakiena irakasten. Hasi berri, pozik agertu da etapa berriarekin, eta ikastarora doazenei irakasteko gogoz agertu da. Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikaria Ilustrazioan goi mailako heziketa zikloa eginda, marrazketan ere sakondu izan du, zenbait grafiti eta mural margotutako artista baita

Potentziala ateratzeko helburua

Ematen dituen saioetan, diseinu eta eskulan teknika ugari eskaintzen ditu, eta adierazi duenez, pintura eta marrazketa gustuko dutenei zukua atera behar zaie, barruan duten potentzial guztia atera dezaten: "Izen-ematea ireki genuen astebetez, eta hiru talde osatu ditugu: haurrak, gazteak eta helduak. Askotariko diziplinak daude, eta eskatzen didatenaren arabera moldatzen ditut saioak. Helduen kasuan, hasitako lanak egitera etortzen dira, proiektu berriak hasten dituzte… libreago ari dira. Haurrekin, berriz, sormena bultzatze aldera, beraien potentziala ateratzen saiatzen naiz, batez ere, marrazketa bidez; arkatzak, Manley, Plastidekor… erabiltzen ditugu. Gazteekin, berriz, akuarela eta akrilikoekin hasteko asmoa daukat lehenbailehen".

Izena emateko

Udaleko Kultura Sailak antolatzen dituen ume, gazte zein helduei zuzendutako pintura ikastaroetan parte hartzeko epeak zabalik jarraitzen du. Hala, izena Arkupen eman beharko da, 17:00etatik 19:00etara bitartean. Hala ere, Arkupeko bigarren solairuan izaten dira pintura eskolak; astegunetan, arratsaldeetan, 17:00etatik 20:00etara bitartean, eta, Urretak adierazi duenez, interesa edo informazioa nahi duen edozein bertara joan daiteke nahi izanez gero. Informazio gehiago nahi duenak 943 08 10 01 telefono zenbakira deitu dezake.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak