Euriak ez du zapuztu 23. Gastronomia eta Folklore jaialdia

Maider Arregi 2019ko urr. 20a, 16:15

Eguraldi narrasa egin arren, herritar ugari batu da Aretxabaletako plazan. 23. Gastronomia eta Folklore jaialdian, Errioxako, Galiziako edo Gaztela-Leongo produktuak dastatzeko aukera izan da, besteak beste. Euriari aurre eginez, dantza emanaldiak ere egin dituzte.

"Eguraldiak ez du askorik lagundu, baina aretxabaletarrek ez dute hutsik egin eta herritarrak badabiltza posturik postu eta egunaz gozatzen. Urteroko ezinbesteko hitzordu bilakatu da gaurko jaialdia. Izan ere, kultura ezberdinak gertutik ezagutzea ere gustuko dute herritarrek", azaldu du Kultura teknikari Inma Migelek.

Herritarrak oso gustura dastatu dituzte okela pintxoak, olagarroa nahiz txorizo eta gazta mokadutxoak. "Askotariko herritarrak batzen garen festa da; kulturari dagokionez oso anitza eta aberatsa da", aitortu du aretxabaletar batek.

Aratz elkarteko kideek, esaterako, 300 txorizo eta 100 buzkantza banatu dituzte eguerdian. "Buzkantzak sekulako harrera dute. Izan ere edozein tabernatan bilatzea zaila da. Gaurko azokan, gure produktu nagusienetakoa da", azaldu dute Aratz elkartekoek.

Galiziako produktuen postuak ere jendetza erakarri du. Marmita erraldoietan 120 kilo olagarro egosi dituzte eta eguerdiko lehen ordurako ia guztia saldu dute. Pozik azaldu dira Donostiatik etorri diren ordezkari galiziarrak: "Bailara honetan olagarroa oso gustuko duzue. Donostialdean baino gehiago jaten da. Arrakasta duen produktua da, zalantza gabe. 20 urte daramatzat Aretxabaletako azokara etortzen eta olagarroak beti dauka harrera bikaina", aitortu de Donostialdetik Aretxabaletara etorri den Galiziako elkarteak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak