Inprobisazio saioa eta kontzertuak, Aretxabaletako kultura ezagutzera emateko

Maialen Santos 2019ko urr. 13a, 12:29

Kuartela Kultur Elkarteak deituta, Kuartel zaharra sekula baino gazteago! jaialdia egin zuten atzo, zapatua, herriko kultura ezagutzera ematea helburu. Egun osoan zehar izan zen festa eraikinean.

Urteetan zehar kuartel zaharreko eraikinean egon den mugimendua, kultura alternatiboa, kalera atera gura izan zuten Aretxabaletako kultur talde ezberdinetako kideek. Eraikineko erabiltzaile Carlos Lopezek azaldu zuenez, herriko kultura "bizirik" dagoela herriari erakusteko antolatu zuten eguna: "Aretxabaletan betidanik egon da kultura; bizirik dago eta hala jarraituko du". 

Asel Errasti Kuartela Kultur Elkarteko koordinatzailetako batek aldarrikapenak egiteko nahia azaldu zuen; bere aburuz, kirolaz gain ere badago zer egin Aretxabaletan, eta beraz, eraikina "zabalik dago" kulturan edozein ekarpen egin nahi duen "edonorentzat". Eta gaineratu zuen: "herriko jende askok ez daki hemen zer egiten dugun, ez daki kulturari ematen diogun bultzada zenbatekoa den". 

Egitarau zabala

Eguerdiarekin bat lehertu zen festa, eta 13:00ean Jam eta Jan inprobisazio ikuskizuna eskaini zuten Jaiki elkarteko kideek, DJ BRGS lagun izan zutela. Arratsaldeko egitarauarekin jarraitu aurretik, elkarrekin bazkaldu zuten bertaratutako guztiek, eta ostean musika izan zen nagusi. Eraikineko erabiltzaile diren zenbait musika taldeen emanaldiek alaitu zuten arratsaldea. Amaitzeko, parrilada egin zuten iluntzean. 

Ibilbide luzeko eraikina

Duela 30 urte Guardia Zibilaren kuartela izandakoa da egun kultur taldeek erabiltzen duten eraikina. Hutsik geratu zenean okupatu egin zuten, eta gerora gaztetxea sortu zuten bertan. Musika eskola ere izan zen, eta ostean, entsegatzeko eraikina bihurtu zen; hain zuzen, dantzariek, musikariek, eskulturgileek... erabiltzen zituzten bertako gelak. Egun ere kultur talde ezberdinek dihardute bertan, kuartel zaharrari erabilera kulturala ematen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak