Antzerkiaz gozatzeko askotariko aukerak

Aitziber Aranburuzabala 2019ko urr. 10a, 16:14

Mikel Laskurain 'Argiaren hautsa' antzezlanean. (Irudia: Manix Diaz De Rada)

Vaiven Producciones antzerki taldearen Argiaren hautsa, Nomofobikak taldearen Sarean kateatuak eta Alanbike Teatro-ren Sal marina antzezlanak, asteburuan Arkupe kultura etxean ikusgai; emanaldi guztietarako sarrerak, lau eurotan salgai.

Antzerki zaletasuna bultzatzeko eta herritarrak kultura kontsumitzera bultzatzeko asmoarekin jarri zuen abian Udaleko Kultura Sailak antzerki hilabetea orain dela hiru urte. Antolatzaileen esanetan, "jendearen erantzuna ona izan da, eta, horri esker, ekimena gorpuzten joan da"; hori horrela, hamabi saio eskainiko dituzte oraingoan.

Urriaren 2an abiatu zuten aurtengo egitaraua, eta, asteburuez gain, astean zehar ere antzerkiaz gozatzeko askotariko aukerak daude Arkupe kultura etxeko Zaraia aretoan, generoari zein publikoaren profilari begiratuta; sarrerak lau eurotan daude salgai.

'Argiaren hautsa', bihar

Vaiven Producciones-ek iaz azaroan estreinatu zuen Argiaren hautsa lanak zabalduko du eskaintza, bihar, 22:00etan. Luis Elizetxearen liburua du oinarri Mireia Gabilondo bergararrak zuzendu duen lanak, eta zaharren egoitza baten elkartuko diren 80 urteko Milagros eta Manuel dira protagonista nagusiak. "Bizipoza darion emakumea da Milagros (Miren Gojenola), eta Manuel, zakarra eta heriotzaren zain dagoena naiz ni, baina zeharo aldatuko nau. Bizitzaren eta azken aukeren aldarrikapena da. Istorio gozoa eta maitagarria da", dio Bergarako Mikel Laskurain aktoreak, eta zera gaineratu du: "Ez da komedia, baina ezta drama ere. Jendea pozik eta baikor ateratzen da, eta aktoreontzako ere polita da pisuzko interpretazioa eskatzen duelako. Ander Iruretagoiena eta Ane Salvador aktore gazteak ditugu taularen gainean lagun. Era berean, atzeko pantailan dauden komikiek istorioa osatzen laguntzen digute".

Asteburuan, beste bi gehiago

Sarean kateatuak antzezlanak hartuko du lekukoa etzi, zapatua, Zaraia aretoan, 19:00etan.

Domekan, ostera, agorafobia gaitza duen Marinaren istorioa kontatuko du Alanbike Teatro-k, 19:00etan.

Eguenean, pailazoak

Ikastetxeekin elkarlanean hainbat saio lotu dituzte aurten; horren erakusle da hilaren 17an Tomaxen Abenturak pailazoek eskainiko duten Azken balea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak