Ia hogei lagun elkartu ziren EH Bilgunean Juan Karlos Izagirreren bueltan hausnarketa saioa egiteko, zinegotzi gehienak ere bertan zirela. Izagirrek aipatu zuen azken sasoian goitik behera egin dituztela lanak EH Bildun, eta, behetik gora hasteko ordua dela: "Inplikazioa behar da behetik hasita. EH Bildu bera, abanikoa zelan zabaldu hausnartzen dabil".
Munduan zabaltzen dabilen populismoaren eta eskuin muturreko ideologien gainean ere egin zuten berba: "Ezkerreko ideologiak ez du jakin herritarren kezkak eta haserreak beste eredu batera bideratzen, ez dugu jakin transmititzen beste modelo bat badela", zioen Izagirrek. Elkartutakoak ados agertu ziren esaterakoan herritarrek mezu eta boto seguruaren alde egiten dutela eta horri "buelta ematen" asmatu behar dela.
Espainiako hauteskundeetan egon beharra
1978ko trantsizioari ez zaiola oraindik bueltarik eman ere aipatu zuen: "Horregatik krisi kroniko batean sartuta gaude. Indar bateratu bat sortzea hortik ateratzeko izango da irtenbidea, 78arekin apurtuta etorriko da aldaketa".
Eredu aldaketa guztiak Euskal Herritik egin behar direla ere aipatu zuen "Espainiari begira egon barik"; era berean, Espainiako hauteskundeetan egon beharra dagoela azpimarratu ere bai: "Hor egon behar dugu, nahiz eta jakin ezer konpontzera ez goazela; baina gure eskaerak eroango ditugu". Eta Ion Albizu zinegotziak gaineratu zuen: "Gu ez goaz gonbidatu soilak izatera, jokatzera baizik. Eta giltzarri izan gura dugu Madrilen ere".