Antzerkiaren aldeko apustua egin du Udaleko Kultura Sailak urrirako, eta hamabi antzezlan izango dira Arkupen. Eskarmentu handiko konpainiak datoz; asko, azken lanak aurkeztera, gainera. Ikuskizunerako sarrerak urriaren 2an, eguaztenean, jarriko dituzte salgai; guztietarako prezioa 4 euro da –ikasleendako saioak debalde dira–.
Genero ezberdinak
Antzerki zaletasuna bultzatzeko eta herritarrak kultura kontsumitzera animatzeko helburuarekin jarri zuen abian Udaleko Kultura Sailak antzerki hilabetea orain dela hiru urte: "Jendearen erantzuna ona izan da, eta, horri esker, ekimena gorpuzten joan da", adierazi dute. Konpainia gehienak euskaldunak dira; besteak beste, Vaiven, Eidabe, Txalo Produkzioak eta Alanbike Teatro daude, baita Belgikako Theatre De La Guimbarde taldea ere. Ikuskizunak aukeratzerakoan hainbat genero uztartu gura izan dituztela adierazi dute antolatzaileek, "ikusle gehiagorengana iristeko". Horregatik, umeendako sei ikuskizun daude –nerabeendako beste bat–, eta helduendako beste sei.
Hilabeteari hasiera emango dio Node konpainia donostiarrak; urriaren 6an, domeka, izango da, Conchita Tou lanarekin. Euskal Herriko mediumik onenaren paperean sartuko da Nerea Arriola aktorea.
Prebentzioa lantzeko tresna
Prebentzio Zerbitzuak ere bat egin du antzerki hilabetearekin, eta, horri esker, Peter Roberts mimoak saioa eskainiko die DBHko bigarren mailako ikasleei; urriaren 2an, eguaztenean, izango da. Mimarte proiektuarekin etorriko da mimo ezaguna, eta, magia eta umorea lagun hartuta, eta nerabeen parte-hartzea bultzatuta, alkoholaren gehiegizko kontsumoaren gaineko hausnarketa bultzatuko du, eta iritzi kritikoa sustatu.
Egitaraua:
- Urriak 2 (12:45): Peter Roberts mimoa (DBHko bigarren mailakoentzat).
- Urriak 6 (19:00): Node: Conchita Tou.
- Urriak 9 (09:00/10:30): Eidabe: Mari eta gaileta fabrika.
- Urriak 11 (19:00): Vaiven: Argiaren hautsa.
- Urriak 12 (22:00): Nomofobikak: Sarean kateatuak.
- Urriak 13 (19:00): Alanbike: Sal marina.
- Urriak 17 (09:00/10:30): Tomaxen abenturak: Azken bala.
- Urriak 19 (19:00): Beheko larraine: Manifestu bat.
- Urriak 20 (19:00): Asociacion De Teatro Atacados: ¡Hoy milagro!
- Urriak 24 (09:15/10:15/11:15): Paraiso antzerkia eta Theatre De La Gimbarde: Kubik.
- Urriak 26 (19:00): Intujai Teatro: Ama-Alu-Lur.
- Urriak 27 (19:00): Kukumix Teatro: Escenicas.
- Urriak 31 (09:00/11:00): Txalo: 20.000 legoa itsaspeko bidaian.