Arkupeko harrerako eta liburutegiko hutsuneekin kezkatuta dago EH Bildu

Mirari Altube Arrese 2019ko ira. 27a, 08:03

Ion Albizu eta Jasone Garzia-Etxabe zinegotziak liburutegiko sarreran.

Kultura etxeko harrerako eta liburutegiko zerbitzuarekin kezkatuta agertu da EH Bildu. Hiru lagunek utzi egin dute lanpostua eta diote hutsune horiek betetzeko zailtasunak daudela: "Horregatik, irailaren 25, 26 eta 27 arratsaldeetan itxita egon da liburutegia". Lanpostuen behin-behinekotasuna dela arazoaren arrazoia uste dute, eta Udal Gobernuari eta langileei proposamena egin diete.

"Uda aurretik sei langile genituen Arkupen bere funtzionamendua bermatzeko (harreran eta liburutegian), horietako bost behin behinekoak ziren. Udan, hiruk utzi egin zuten lanpostua beste leku batera joateko lanera. Horien hutsunea betetzea ez dabil izaten erraza eta zenbait arazo ere sortu ditu; astean, esaterako, hiru arratsaldetan itxi behar izatea", adierazi du EH Bilduko bozeramaile Ion Albizuk.

Egoera hori konpontzeko behin behinekotasunarekin bukatu beharra dagoela uste dute EH Bildukoek, eta proposamena egin diete Udal gobernuari eta langileei: "Hirigintzan arkitekto tekniko batentzat lanpostua aterako duela Udalak aprobetxatuta, Arkupeko harrerarako zein liburutegirako lanpostu bana ateratzea proposatzen dugu". Harrerako kasuan bigarren lanpostu bat ateratzea ere proposatu dute "hutsunea sortzen denean", eta hala,  bi postu finko egongo lirateke jardun osoz eta beste bat, behin behinekoa, jardun erdiz. 

Liburutegiari dagokionez, gaur egun funtzionario bat dago egun osoko jardunarekin, eta uztaila artean beste bi lagun egon dira, behin behinekoak, egun erdiz. "EH Bildutik proposatzen dugu %100eko jarduneko plaza finko bat ateratzea: liburutegiko harrera zein kudeaketa egiteko. Egoera ez dela egonkorra eta langileei kalte gutxien egiten dien unea delako orain dela momentua uste dugu. Aurreikuspen hau aurretik ez eduki izana da harritzen gaituena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak