Bigarrenez egingo den azoka berezi horretan hogei bat postu jarriko dituzte, era guztietako barazkiekin, beti ere izarra tomatea izanda. "Ekoizle gehienak herrikoak izango dira, eta gehienek Aretxabaletako tomatea ekoizten dute", azaldu du Agurtzane Diaz Deba Garaia Landa Garapenerako teknikariak.
Tokiko tomateen gainean eta bereziki Aretxabaleta izenekoaren gainean inork baino gehiago dakien Marc Badal ikerlariak hazia lortzeko tailerra eskainiko du (11:30). Tomate erakusketa popularra ere izango da beste urte batez. Han jarriko dituzte ikusgai herritarrek eroandako fruituak eta onenek saria jasoko dute. Ortu lehiaketako sariak ere orduan banatuko dituzte. Eta hirugarren bat ere izango da; gastronomia elkarteek gertatutako zopa hotz lehiaketa. Epaimahaiak erabakia hartu ondoren zopa horiek probatu ahal izango dira; iaz, esaterako, bi elkarte bakarrik aurkeztu ziren baina ezin gusturago dastatu zituzten herritarrek bi zopak.