Gazte Egunak jai giroa eroango du Otala Zelaira zapatuan

Mirari Altube Arrese 2019ko ira. 19a, 17:14

Elkar ezagutzeko eta harremanak estutzeko helburuarekin antolatu du Atxabaltako Gazte Mugimenduak Gazte Eguna. Otala Zelain elkartuko dira eta jolasak, bazkaria eta musika izango dituzte, besteak beste.

Orain dela bost urte antolatu zuten Gazte Eguna azkenekoz, 2014an, eta urtebete beranduago, Kuadrillen Eguna. Ordutik ez da egon halako egunik, eta, Atxabaltako Gazte Mugimenduak horri berriz heltzea erabaki du: "Andramaixen harira, gazte mugimendua asko indartu da eta horren emaitza da Gazte Eguna. Gazteak elkar ezagutu, harremanak estutu eta batzeko beharra dagoela ikusi dugu, eta horretarako egun bat izango da. Andramaixen bueltan sortutako guztiari jarraipena eman nahi diogu", diote. Horregatik asko elkartzea gurako lukete, "ahalik eta gehien hobeto".

Jolasak, bazkaria eta musika

Otala Zelain elkartuko dira; hain zuzen, betiko formatuetatik irten nahian hautatu dute Aozaratza auzoko zelai ezaguna: "Buelta bat eman nahi izan diogu Gazte Egunari, eta horretarako leku oso aproposa dela iruditu zitzaigun. Halako txokoak gehiago aprobetxatu beharko genituzke".

Goiz erdian (11:00) igoko dira eta gazte jolasak egingo dituzte han (13.00). Bertan bazkalduko dute (14:30) eta bazkalostea girotuko die Upeide taldeak. Jaitsitakoan (18:30) jai giroan jarraituko dute elektrotxarangarekin. "Upeide taldearen bueltan herriko gazte ezberdinak batu dira bazkaria girotzeko. Horrelako ekintza herrikoietan hartzen dute parte eta oraingoan ere hortaz gozatzeko aukera izango dugu", argitu dute.

Hurrengo pausoak erabakitzear

Ondo pasatzeko eta harremanak estutzeko eguna bada ere beti izaten dela hausnarketarako eta ideiak partekatzeko aukera adierazi dute eta aurrera begira erabakitzear dagoela guztia diote: "Jai honekin azken hilabeteetan egindako lanari jarraipena eman nahi diogu, beraz gazte egunaren ostean erabakiko dugu zeintzuk diren hurrengo pausuak. Mugimenduak aldakorrak dira baina ez dira inoiz eteten. (H)aria ez da etengo!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak