Zaintza kamerak jarriko dituzte herriko hiru gunetan "segurtasuna bermatzeko"

Mirari Altube Arrese 2019ko ira. 17a, 16:17

"Ekintza bandalikoak ekiditeko" asmoarekin herriko hainbat gunetan zaintza kamerak jartzea erabaki du Aretxabaletako Udalak. Komentuko lorategian, pilotalekuan eta zazpiko futbol zelai berrian jarriko dituzte kamera horiek.

Hiru gune horietan segurtasuna bermatzea da kamerak jartzearen arrazoia Udal Gobernuaren esanetan: "Gerta litezkeen bandalismo ekintzak kontrolatzeko". Eta gogorarazi du ekainean, Santa Rita komentuan sartu zirela, Kurtzebarri institutukoek erabiltzen duten gela batean: "Teknologia tailerra dute han, eta materiala apurtu eta lapurtu zuten, baita inguru guztia zikindu ere pinturarekin", azaldu du Unai Elkoro alkateak. Hain zuzen, gertaera horren ondorioz itxita dago komentuko lorategia. "Hainbat aukera aztertu ditugu, horien artean, eraikineko lehen solairuko leihoetan burdin hesiak jartzea, baina
azken horiek kamerak baino garestiagoak dira", zehaztu du alkateak. 

Kontrol zentroa udaltzainen bulegoan

Komentuko lorategian bideozaintzarako bi kamera jarriko dituzte sarrera bakoitzean bana, eta kontrol-zentroa udaltzainen bulegoan jarriko dute. Eta beste bi gunetan ere bina kamera jarriko dituzte: Iturrigorri pilotalekuan –hemen pintadak saihestea da helburua– eta kiroldegi aurrean eraikitzen dabiltzan zazpiko futbol zelaian. 

Kamera horiek kontratatzeko prozesua abian dago eta, horretarako, 10.000 euro inguruko inbertsioa egingo dute. Kamera bidezko zaintza sistema hau hilabete honen bukaerarako edo urri hasierarako martxan egotea gurako lukete udal arduradunek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak