Lehenengo zatia hasi eta gutxira egin du Otazuk UDAren aldeko gola, markagailuak 5. minutua erakusten zuenean. Gola baloi geldiko jokaldian izan da, kornerra bikain errematatuta bidali du baloia saretara, baina eibartarrek ikasgaia ikasi eta bost minutura beste horrenbeste egin dute, kornerra baliatu dute 1-1ekoa egiteko (Dani izan da goleatzailea). Ibarran ez da gol gehiago izan, baina bai aukera politak.
Lehenengo zatiak aurrera egin duen neurrian Aretxabaletak atzera egin du, eta poliki-poliki Eibar Urko egin da baloiaren jabe. Hala, bazirudien kontraerasoak izan behar zirela aretxabaletarren erantzuteko modu bakarra, baina irudipena baino ez da izan. Bigarren zatian Aretxabaleta Eibar Urko baino hobea izan da. Partidua irabazteko apustua egin dute aretxabaletarrek. Goian presionatzen ahalegindu dira, konmtrarioa estutzen, eta eibartarrak izan dira Aretxabaletakoen areatik urrun, kontraeraso bidez min egiten saiatu direnak, baina arrisku sentsazio handirik sortu barik. UDAk, berriz, bizpahiru aukera eder izan ditu, horietako bi Marren hanketan, eta aretxabaletarra berdegunean hustu egin bada ere, aukera horietan ez du asmatu: "Pozik gaude egin dugun partiduarekin, gehiago izan garela uste dut, bigarren zatian batez ere. Etxeko zale hauen aurrean jokatzea gozamena da, eta harmailetako bultzada hori aprobetxatu behar dugu etxean indartsu izateko. Pozik nago egindako debutarekin, bai", adierazi du Mikel Larburuk partidu amaieran. Kronika osoa astelehenean, Harmailatik saioan (21:30).
Bergarak ere etxean jokatu du asteburuan, baina Barkeroren mutilek 1-3 galdu dute Añorgaren kontra, ligako beste talde indartsu bat. Eta, Mondrak 3-1 galdu du 3. mailatik jaitsi den Ordiziaren zelaian. Erregional preferentean, berriz, Antzuolak 2-0 galdu du Beasainen, eta etxean jokatu duen Aloña Mendik ere galdu egin du, 1-2 Soraluzeren kontra.